Hiriburu britainiarreko hegazkin konpainia bat izan zitekeen, baina Euskaltzaindiak "boluntario" hobesten du. Definizioz, borondatea norbere ekintzen erabakimena da.
Akaso, azken boladan lasterketen karietara ageri zaigu gehien boluntarioaren figura. Bidegurutzean irudikatzen ditugu, anoa postuan, edo trafikoa bideratzen bestela. Bizkarrean "antolakuntza" jartzen dion peto fosforitoa jantziagatik, ez dira horren erraz ikusten.
Hiri edo herrietako festa ofizialetan gehienbat soldatapeko brigadekin osatzen da egitaraua. Zenbait kasutan, epe mugatuko lan poltsak ere sortzen dira oholtzak atontzeko. Hamaika auzo txiki eta irabazi asmorik gabeko elkarte bada, ordea, urte osoan bileretan aritzen dena trukean ezer jaso gabe. Baina ez dago aldundian erregistratutako fundazioei begiratu beharrik, egunerokoan ere nabarmena izaten da nork prestatzen dizkien lagunei otorduak, eta nor esertzen den mahai jarrietan.
Beti da errazagoa ezezagunek antolatutako ekintzetan parte hartzea, nork bere bizkar erantzukizuna izatea baino. Berdin dio areto bateko ekitaldi kulturala den, larunbat eguerdiko mendi buelta edo etxepeko bilera. Gainera, antolakuntzaren akatsak gehien azpimarratzen dituena izaten da, inoiz ezer antolatu ez duena.
Arthur C. Brooks Hardvard unibertsitateko katedradunak egin berri dituen adierazpen batzuek borondatezko ekintzen unibertsaltasuna agerian jartzen dute. Ikerketek gutxi-asko ondorioztatzen dutena da, trukean ezer espero gabe norbaiti mesede bat egiteak zoriontsu egiten gaituela. Aldi berean, garapen sozialak kooperaziora bideratzen gaitu, eta beraz, laguntza edo aholkuak eskatzeak ere, bi norantzatan hedatzen du poza.
Dagoeneko justifikatuko zenuen zeure burua iraganeko jokamolde altruistaren batekin. Ordea, teleoperatzaile batek inkesta bati erantzuteko dei egin zizun azkenengo aldian, astirik ez zeneukala erantzungo zenion seguruenera. Ostiraleko afaria txartelarekin ordaindu zenuen, eta zerbitzariaren propinaz ahaztu. Eta ez zenuen eskurik altxa, magia emanaldi hartan, publikotik oholtzara igotzeko norbait eskatu zutenean.
Askotan hitz egiten da politikako ate birakariez eta postu publikoen pagotxaz. Imajinatzen jarduten naiz, egun europarlamentari direnak Bigarren Hezkuntzako ikasle ziren garaian, gelako delegatua aukeratzeko proposamenak eskatutakoan, beren burua aurkezten ote zuten.
Pentsa liteke, egiturek behar bezala funtzionatuko balute ez legokeela elkartasun sareen beharrik. Baina izatez, elkartasun sareak dira, gauzek funtziona dezaten oinarria.
Turistak garapen bidean dauden herrialdeetara doazenean, harrituta geratzen dira nola hango behartsuek jateko lain ozta-ozta izan arren, daukaten apurra hurkoari eskaintzeko prest egoten diren. Eskuzabaltasunaren adierazpen gorena, safari batean. Beharbada hori zen misiolariek Domund itsulapikoen barruan zeramatena.
Baina gure merkatua desberdina da, my friend. Hemen inork ez du behatzik ere mugitzen hutsaren truke. Nork bere txerria gizendu eta jaten du, bukatu ziren odolkiak ordainetan. Besteren teilatuak konpondu beharrean, etxepeko kontuen administrazioa eta garbiketa ere enpresa azpikontratatuei delegatzen zaizkie. Finean horixe dakar auzolanaren instituzionalizatzeak, ez lan eta ez auzo. Hobeto hausnartu behar genuke zein lan diren ordainpeko bihurtzekoak. Zer eskaintzeko prest gauden jan aldera, eta zer eskatzen dugun musu truk.