Harategian solomoa gramoko erosten den bezala, abereak hiltegira eramaten direnean ere pisatu egiten dira. Horretarako, animaliak kanalean esekitzen dira baskulatik larrutu berritan. Ordea, kontuak egiteko garaian hasierako erraldeei harakinak proportzio bat kentzen dio, eta abeltzainari emandako ordainean, baskulak markatutakoa baino kopuru txikiagoa agertzen da. 1028/2011 errege dekretuko 6. artikuluaren arabera, %2koa da faktore hori. Murrizketa horren motiboa da haragi beroak hezetasun handia duela, eta hoztutakoan ura lurrundu egiten dela, pieza berbera arinago geldituz.
Horretan du jatorria beroarena kentzeko esamoldeak. Normalean, kontakizun baten aurrean, itxurazko azalpenen eta egiazko gertaeren artean esajerazio bat eman dela adierazteko erabiltzen da. Alderantzizko prozesua uhanditzea litzateke. Egur iharra uretan sartuta pisuz ez ezik tamainaz ere handitzeko fenomenoa, puztea alegia.
Literaturan hiperbolea mezuari indarra emateko gehiegikerian oinarritutako erretorikazko figura da. Baina eguneroko solasaldietan ere makina bat aldiz jotzen dugu esajerazioetara. Esate baterako, lagun artean aspaldiko anekdotak kontatzen hasten garenean, jatorrizko pasadizoari askotan eransten diogu xehetasunen bat, guztiz erreala izan ez arren, istorioa dibertigarriago edo interesgarriago bilakatzen duena. Haurrek belaunean zauri txikiren bat egindakoan inportantzia emateko bendazko tapakia eskatzen dutenean bezala.
Printzipioz, kontrakoa justifikatu lezakeen lekukorik ezean, ez dakar ezer txarrik azalpenak atontze horrek. Aitzitik, zenbait esamesekin gertatzen da hobetu beharraren hobetu beharrez hasierako kronika guztiz desitxuratzea, eta telefono izorratuak berak gezurrezko mezu arriskutsuei bide ematea. Zerbaitengatik esaten da Erdikalean eztula duenak plazan katarroa duela eta Errebalean pneumonia. Ildo berean, asmo engainagarriz iradokitzen da ontziak garbitzeko xaboiaren iragarkietan tanta batekin bi herritako harrikoa egin daitekeela.
Goraldian daude jatetxeen arteko lehiaketa gastronomikoak. Nork egingo probintziako patata tortillarik onena, nork hiriburuko gazta tartarik gozoena, nork herriko hanburgesarik bereziena. Gero, "irabazle" eta "onena" terminoak zalantzan jarri beharrean, ilara amaiezinak sortzen dira atean garaikurra duenaren itxaron zerrendan.
Lagunartean beroa tenperatura altuari esaten badiogu ere, termino fisikoetan, beroa, sistema baten energia transferentziarako metodoa da. Desoreka termikodun eremuen artean ematen dena. Komunikazio talde honexek, 2023ko urriaren 3tik 17ra inkesta bat burutu zuen, herritarrei galdetuz zer egiten zitzaien eramangarriagoa, beroa ala hotza. Uda pasatu berritan, 1038X estazio meteorologikoaren arabera, egun horietako bakoitzean tenperatura maximoa 26,9 gradu izan zen batez beste; eta minimoa, berriz, 14,6 gradu. Erantzun zutenen artean, %22,1ek errazago zeraman beroa, eta hotza, berriz, %72,8k. Gustura jakingo nituzke emaitzak, negu betean galdetuz gero.
Diote sozialki garai polarizatua bizi dugula, erdibiderik gabekoa. Dauzkagun komunikazio sistemek dena azeleratzen eta anplifikatzen dute eskaparatean, beraz, ez dago soberan belarrietan galbaheak ditugula ibiltzea. Seguru asko ezer ez da horrenbesterako. Ondo dagoela dioena ez dago horren ondo. Gaizki dagoela dioena ere ez dago horren gaizki.