Lokaleko leihotik

Erabiltzailearen aurpegia Oier Etxeberria 2025eko azaroaren 28a

ETB2ko 'Vaya semanita' saioko txikitero kuadrilla. (EITB)

Oier Etxeberriak urriko Azpeitia Guka aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Batzuei baxua, bateria eta gitarrarekin bertsioak entseatzeko lekua dela irudituko zaie lokala. Beste batzuek kotxez, motoz eta erremintaz beteta imajinatuko dute. Dirudienez, lotura zuzena
du krisialdi ekonomikoekin, negozio tradizionalak ixtean, hutsik gelditutako lokal komertzialei aterabidea emateko alokatzen baitzaizkie higiezinak nerabeei. Betizu belaunaldikooi ezaguna zaigu 2008ko hura.

Gazteen euskal behatokiaren arabera, 2016an, EAEko 15 eta 29 urte artekoen %20a lokal edo lonja bateko kide ziren, eta 2021erako, portzentaia %5,9ra jaitsia zegoen. Azken urteotan, ordenantzekin eta legeekin arautu den ahala apaldu da espazio horien kopurua.

Finean, ikastetxearen eta tabernaren arteko trantsizioa da, intimitatearen bila, norbere territorioa zedarritu nahi duen gaztearena. Boomerrek Play Stationarekin eta ke hodei handi batekin irudikatuko dute. Karta jokorako mahaia, ping-pong sarea, mikrouhin labeko palomitak eta tamaina handiko altzariak ostegunetan biltzen ziren garaian, zaborretatik erreskatatutako sofa. Lagun multzo bakarra kopuruz urriegia bada bere kabuz hileko errentari aurre egiteko, beste ezagun batzuekin elkartuko da. Lokala izan daiteke inflexio puntu bat, lagun talde batek, juridikoki kuadrilla estatusa erdietsi dezan.

Arabarrek eskualde administratiboei deritzate kuadrilla. Bizkaitarrek Athleticen partidak ikusiz bilbainadak abesteko taldeari esaten diote. Eta gipuzkoarrok, berriz, ez dakigu oso ondo zer den guretzako kuadrilla.

Ohartzerako deitzen diegu gelakideei kuadrilla eta kuadrillakoei lagun. Laguntasunaren muga, ordea, oso lausoa da. Denboran zehar aldakorra, gainera, eta ez du zertan bi norabideetan ikuspegi bera eduki. Kuadrillakoen kopurua bai, hori kontzeptu kuantifikagarriagoa da, baina ez dakit inor ausartuko al litzatekeen zenbat lagun dauzkan esatera.

Helduaroko harreman ugarik umetako bizipenetan dute funtsa. Eta ume aroko lagunak, berriz, aurrenengo klase egunean eseritako aulkiaren arabera eraiki daitezke. Noski, geroago ere ezagutzen dira pertsona berriak eta kuadrilla deitu ezin zaien laguntasun paraleloak sor daitezke: izan unibertsitatekoekin, lankideekin edo beste edozein afizio elkarbanatzen den jendearekin.

Harreman sarearen oinarrizko galdera da zer ote den hobe, lagun gutxi eta onak, edo azalekoagoak baina asko izatea. Neurri batean, poteo garaian kalean osatzen den korroak erakusten du ederki. Diametro handikoa bada, parekoa urruti gelditzen da, eta aldamenekoarekin besterik ezin izaten da hitz egin. Zirkulu txikietan, denek denekin hitz egiten dute, ordea, eta norbait berria sartzeak askoz gehiago eragiten dio taldearen egiturari.

Senar-emazte asko hipotekak edo seme-alabek mantentzen dituzte elkarrekin. Eta ez dakit hori tristea den, edo besterik gabe, irauteari zilegitasuna kendu diogun, banatzearen libertateari gorazarre egin ahala. Jarraitzearen damuak eta uztearenak, biak dira txarrak.

Ugari dira betiereko laguntasun zinak sare sozialetan. Gutxiago, benetako arazoak bagenitu eutsiko liguketen sorbaldak. Guri ere beldurra ematen digu kuadrillaren egoitza soziala, azken helduleku fisikoa, abandonatzeak, susmoa baitaukagu elkartzen gaituen gauza bakarra ote den. Eta beharbada ez gaude horren urruti Vaya Semanita-k karikaturizatutako alkandora laukidun txikiteroak izatetik.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide