Zaharberritu

Erabiltzailearen aurpegia Oier Etxeberria 2026ko urtarrilaren 27a

(Argazkia: Pixabay)

Oier Etxeberriak abenduko Azpeitia Guka aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Artzek zioen, iturri zaharretik ur berria edaten zuela. Heraklitok, berriz, ez dela inor erreka berean birritan bainatzen. 

Sistema ekonomikoaren gurpilak bira eman dezan ezinbestekoak dira kontsumoa eta ordezkatzea. Askotan esaten da, lehen gauzak iraun zezaten fabrikatzen zirela. Ondo, alegia. Eta orain, berriz, erabili eta botatzearen kultura daukagula. Gailuak, iraungitze data aurrez finkatuta saltzen dira, funtzionatzeari utzi eta berriak erosi behar izan ditzagun. Hots, zaharkitze programatua. Konpontzearen kultura eta zapatariaren ofizioa ez dauzkagu sasoirik onenean.

Iraganaren apologiari kontrapuntua jartzeko, bigarren eskuko trasteak saldu eta erosteko plataformen gorakada azpimarratu behar da. Egunkariko iragarkien garaian ezinezkoa zena, orain ganbarako bartuloei bigarren bizitza emateko sistema aproposa dugu. Bati serbitzen ez dionak balio baitiezaioke besteari. Finean, jabez aldatzea bezalako sistemarik ez dago zaharrak berritzeko. Ildo berean, etxebizitzaren auziak ere ezinbestean garamatza zutik dagoena baloratu eta birgaitzeak edo erreformak aintzatestera.

Modak ziklikoak izaki, behin helduaroaren muga gainditzen dutenean, kotxeak klasiko eta trapuak vintage bihurtu ohi dira. Iraganekoak ziruditen estiloak berriz ere eskaparateetara itzuli daitezke. Kanpai prakak eta pastazko betaurrekoak. Dena aldatzen da eta dena bueltatzen da, aldi berean.

Testuinguru ekonomikoan, zahartzeari amortizazio deritzo. Denboraren joanean balioa galtzeari, alegia. Haatik, badira urteek alderantziz erasaten dien ondasunak ere, zeinak gero eta estimazio handiagoa duten: arrabolak pandemian, furgoneta kanperizatuak udan, urre totxoak krisialdietan edo etxe bat Mirakontxan.

Aitona-amona batzuentzako, zaharrak trapuak izaten dira. Pertsonei, horren ordez, adineko edo beterano deitu behar litzaieke. Beste zenbaitek azpimarratzen du beraientzat adina zenbaki bat besterik ez dela. Duela gutxi entzun dut, zure herriko alkatea zu baino gazteagoa baldin bada, dagoeneko zaharra zaren zantzu bat izan daitekeela. Tira, irizpide bat da.

Beste gaitz askoren artean, sozialki garai gerontofoboa bizi dugu. Gizakiak eternalaren bilaketa berea badu ere, gazte izatea neurriz gain goresten da. Akaso, bizi esperientziaren transmisioak garrantzia galdu du. Mundualdiaren azken etapa ahalik eta enbarazu gutxien eginez, bazterrean eta triste pasatu beharreko tramitetzat hartzen da.

Horren kontrakarrean, badira zahartzaroari gorazarre egiteko ekimenak ere. Urretabizkaiaren azken obrak eta pentsiodunen mugimenduak datozkit gogora. Ezinbestean iritsiko denari entzungor egin beharrean, landu eta eztabaidatu genezake zein bizi eredu nahi genukeen, flakiak gain hartzen digunerako. Esate batera, zahartzaroa igande arratsaldeak bezalakoa da: triste egon zintezke eguna bukatzera doalako, baina aldi berean, asteburua izan denaren seinale ere bada. Jaieguna probestu zenezake, beraz.

Mutikotan, bizikleta berria erosi ziezadaten eskatzen nuen fermuki. Ordura arte nerabilenak, neurriz txikitxo gelditzeaz gain, katea eta galgak herdoilduta zeuzkan. Erantzuten zidaten, aurrena, lehendik neukanari kasu egiteko behar bezala. Zaharra ondo zaintzen ez duenak, berririk ere ez duela ondo zaintzen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide