Kostako itzulia egiten duen bizikleteroaren erabakirik garrantzitsuena kafearekin batera pintxoa edo pastela aukeratzea da. Gozoak eta gaziak, osagarri bezain kontrajarriak dirudite; ordea, gaziaren antonimoa geza da. Azukre koskorra kafesnetan bezala urtzen da kunetako izotza gatz larriak ukitzen duenean. Gatzari kontserbazioa zor diogu, eta lanarekin (salarium) lotu genezake; gozoa, berriz, ospakizunarekin edo plazerarekin. Oreka mantentzeko, neurrian, biak dira beharrezko, eta medikuen arabera, biak kaltegarri kopuru handietan.
Justifikatzen nekezagoa da ordenarena. Badirudi gaziari atzetik beti ongi doakiola gozoa, eta aldiz, gozoaren ondoren gazia onartezina dela. Zapaldu ezin bailitzan zenbait aho zapore.
Ustez aisa bereizten ditugu gozoki dendak eta gozotegiak. Umeak 5 zentimoko karameluen bila doazenean, bihurrikeria itxura dauka. Helduek, berriz, egun berezietako Blas edo Marcos santuen abizendun opilak erosten dituztenean, tradiziozko eta artisau jatorriko merezimenduaren ordaina da.
Kuadrilla afari batean makarroiez eta eskalopeaz ari ginela, norbaitek esan zuen ez zela komeni ume txikiei probatzeko erreboiloa ematea. Arriskua dagoelako, haurrari gustatu eta, aurrerantzean, horixe eskatzeko.
Halaber, gozotasunak ez du zertan beti azukreari lotuta egon. Badirelako usain gozoak, manta gozoak edo toki gozoak. Ingurukoek esaten didate argi horia ere gozoagoa dela argi zuria baino. Argi zuriak erietxea akordarazten omen du. Azkenean, behintzat, neu ere ez naizela gozozalea.
Akaso, argi horia baino zuria nahiago duen bakarra naiz. Izan ere, zaletasun batzuek unibertsalak dirudite. Telebistako programetan bere burua aurkeztu behar duen edonork sinatzen du bidaiatzea gustatzen zaiola, naturan paseatzea, pelikulak ikustea edo lagunekin egotea. Ez dut inor ezagutzen musika entzutea gustuko ez duela dioenik. Futbolari ezagun batek bere zaletasunen inguruan emandako erantzuna birala egin zen. Hark teniserako afizioa zeukala esan zuen aurrena. Gero aitortzeko ez zuela inoiz erraketarik hartu. Baina sofan etzanda egotea gustatzen zitzaiola esatea ez omen zen dotorea.
Neurri askotako kontraesanen fabrikak gara, batzuk ustekabean egingo ditugu, eta larrienak jakinaren gainean. Lezio moralak ematera doanaren aurkezpen tipikoa da kontraesanak onartzea. Denok dauzkagu; baina besterenak errazago ikusten dira. Edonola ere, kontraesanak dauzkagula aitortzeak ez gaitu salbuesten koherentzia mantendu behar izatetik. Beti dagoelako baina bat soberan.
Urte berriko promesena gauza bat agindu eta beste bat egitearen adibide egokia da. Gehienetan errazagoa da zer egin behar den jakitea, gero plangintza jarraitzea baino. Marrazki bizidunetako fraide batek zioen bekatu egin nahi izatea aski zela bekatu izateko. Niri zalantza sortzen zait inoiz beteko ez diren helburuak izateak zerbaiterako balio ote duen. Edo ez kunplitzekotan, hobe den asmo onik ere ez izatea.
Lehen, beharbada, bai; orain, esanekoa izatea ez da ezaugarri positibo bezala ulertzen. Esandakoa egitea bai, hori hitzeko pertsona izatearen erakusgarri baita. Norbaitek gaur modu batean jokatzen badu, eta bihar bestelakoan, barkaberak izan ohi gara. Larriagoa da gauza bat esan eta kontrakoa egitea. Fruitu debekatua jatearen pareko litzateke hori.