Gorputzaren apaindura eta mezu baten betierekotasuna orratzaren puntan gurutzatzen dira. Duela milaka urte, errituen parte zen, edo helburu terapeutikoak izan zitzakeen. Aspaldian ez da lumarik tintontzian bustitzen; eskerrak, ordea, badiren nirea baino pultsu hobea daukaten marrazkilariak.
Hamarkada batzuk atzera, pertsonen gaineko aurreiritziak sortzeko motibo izango ziren. Estigmazko etiketaz. Medikuak eta irakasleak, mauka luzez besaurreak estali behar izateraino. Dagoeneko gainditutako joera delakoan nago; izatez, soina inolako markarik gabe mantentzea bera gertuago dago anomalia izatetik.
Zenbakietara ekarrita, Italia omen da jenderik tatuatuena duen herrialdea. Bertan biztanleriaren ia erdiak darama orbain pintaturen bat. Gainera, horietatik laurdenak besterik ez dauka irudi bakarra, gainontzeko guztiek tatuaje bat baino gehiago baitituzte.
Normalean ardi eta behi azienda belarrietan krotalekin ikusten dugu. Horrek abelburuen identifikazioa ahalbidetzen du. Baina burdina gorituarekin azala erreta markatzea ere oso ohikoa da, kabaletan bereziki. Ganadutegi bakoitzak bere seinalea jartzen dio, baita zenbakia ere.
Bortitza badirudi zaldiak irrintzika, izterra sutan duela, are basatiagoa da norbaiti tatuaje baten esanahiaz galdetzea. Kasurik onenean, "esanahi pertsonal berezia" daukala erantzungo du. Arte horretaz arrastorik ez duenak, bi zakutan bereiziko lituzke: letrak eta marrazkiak. Irudiek beharbada funtzio estetikoagoa dute. Animaliak eta naturako elementuak, forma geometrikoak, edo espetxeko planoak bularrean nahi izatera. Beste batzuek hizkien alde egiten dute. Mandamentuak harkaitzean nola, udako amodio haren izena, abesti baten letra, esaldiak norberak ulertu ezinezko atzerriko hizkuntzetan...
Zer marrazten den bezain garrantzitsua da non. Zenbateraino den minbera gomazko eskularru beltzek orratzei heltzen dietenean, zein neurritakoa, arropaz estali ote daitekeen. Norberak ikusteko moduko tokian, aspertzeko arriskua handiagoa da nonbait. Ordea, pentsatzen da atzean beti dagoela arrazoi sendoren bat, tintari begiratuta deszifratu ezinezko kode hori, azalaren jabeari ezinbestekoa zaiona.
Oraingo zenbait boda modernotan, tatuatzailea kontratatzen dute barra librearen ostean inork oroitzapen bat aldean eraman nahi badu. Osterantzean, apenas merke-merkea den, eta horrexek salbatuko ditu zenbait bizkar zauriz estaltzetik, gurasoen debekuak nerabetan bezala.
Beste guztien gainetik ezaugarri bat gailentzen zaio tatuajeari. Betiko dela. Salbuespenak salbuespen, ezin da ezabatu. Horrexek ematen dio, hain zuzen ere, esanahia eta esan indarra. Luzaro gogoratu nahi direnak jartzen dira begien aurrean. Senitartekoen izenak, data esanguratsuak, esaldi bereziak... Ezkutuan beharrean, bistan irautea sendoagoa delako edo. Ahaztu beldurrez akaso? Norbere zein besteren begietara.
Umetan, patata poltsen barruko kalkomaniak iturrian bustita itsasten genituen. Dutxatu aldi batzuetan eusten genion Sinosukeren siluetari.
Daitort, behin-behinekotasunean erosoago bizi garen koldarrok, atzerako bueltaren atea zabalik behar izaten dugunok, inbidiaz dakusagula unean uneko bulkadak gorputzean eramateko konbentzimendua. Zalantzan jarri gabe zer forma izango duen gure iraganak azala zimurtutakoan. Demagun, mandeuli batek ipurmasailean.