Garaipenaren biharamunean

Erabiltzailearen aurpegia Oier Etxeberria 2026ko uztailaren 16a

(Argazkia: Pixabay)

Oier Etxeberriak ekaineko Azpeitia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Patioan jolasean dabiltzan umeei esaten zaie garrantzitsuena ez dela irabaztea, parte hartzea baizik. Edo ondo pasatzea, galdutakoan haserretu ez daitezen. Ezarian-ezarian final garrantzitsuak jokatzera doazen eliteko kirolariek ere, helburu nagusia norgehiagokaz gozatzea dela sinetsarazten digute.

Instagramen, atleta frustratuak coach bihurtzen dira. Bezeroei gomendatzeko, aurrena beharrezkoa dela amestea, zer nahi den jakiteko. Gero, nahi izatea aski dela ahal izateko. Eta azkenik, saiatuz gero, ametsak bete egiten direla. 

Norbaitek marka historikoak erdiesten dituenean, garaipenaren gosea azpimarratzen da. Txapeldun handien aseezintasuna, etengabe hobetzera daramatzana. Maila apalagoan bada ere, zerbaitetan gailendu den edonork erantzungo dizu lehiakorra dela. Irabazten saiatzen dela beti. Ez zaiola galtzea gustatzen, ezta kaniketan ere. Ezagutzen duzue inor kaniketan galtzea gustatzen zaionik?

Portuetan brontzezko bustoak dauzkate kapitainek; ez, ordea, marinelek. Zubiek eta etxe orratzek arkitektoen izena daramate, jaso dituzten igeltseroena beharrean. Nobel sarietan ez zaie aipamenik egiten bekadunei. Hala ere, badakigu kapitaina dela itsasontzia hondoratzean jauzi egiten azkena. Zutabea etzan egiten dela oinarriak sendotasunik ez badu. Eta maisuak oro, noizbait ikasle izan zirela.

Gero, irabazleari ongietorria egiten zaio herriko plazan. Gure ordezkaria bailitzan, zerbaitetan. Eta beraiek ondo jokatzen badute, guk ondo jokatu dugula esan genezake. Heroiak merezi du gorazarrea. Arrakastari, hutsaren truke isilpean egindako inurri lanak eutsiko ez balio bezala.

Askotan nahasten dira aintza eta ospea. Barrura begirakoagoa, sendoagoa bata; hegazkorra, azalekoa bestea. Geure burua haiengan islatzen dugulako egiten diegu idoloei ohore. Inbidiatik bezain itxaropenetik.

Garaipenaren gozoa dastatu duenari, xiringa bereko beste dosi batek baizik ez dio balio, sentipena errepikatu dezan. Irabazteak, prefosta, poz ematen du. Baina apenas zoriontasuna aldian behineko pozetan oinarritzea komeni den.

Herri kirolen munduko beteranoei garai batetik hona gauzak nola aldatu diren galdetutakoan, beti esplikatzen dute nola lehen dena apustuan ardazten zen. Trabesean batek irabazi egiten du eta besteak galdu. Orain, salbuespenak salbuespen, txapelketak antolatzen dira. Horietan, garaile bat izendatzen da, baina teorian, ez dago galtzailerik. Esan nahi baita, hobe dela irabazi ezaren pena, galdu izanarena baino.

ETBko reality horietako batean, immunitate probaren ostean, euskal arraunlaririk ospetsuenak kontrako taldekoei esan zien, galtzen jakiteko, irabazten jakin behar dela. Neure baitan luzaro hausnartu nuen, premisa haren oinarria zertan zetzan. Ondorioztatzeko ez daukala batere zentzurik. Hots, eliteko kirolarien eta telebista saioetako gonbidatuen diskurtso filosofikoei, neurrian egin behar zaiela jaramon.

Jokatuz gero, batzuetan irabazi egiten da eta besteetan ikasi. Porrotak erakusten baitu gehien. Garaipenak baino gehiago. Aldian behin, gaizki irtendako gauzak behar ditugu, ondo irtendakoez jabetzeko. Sarrien galtzen duenak behar luke, beraz, jakintsuen. Eta, hala ere, menderatzaileen deklarazioek betetzen dituzte astelehenetako periodikoak.

Ez pentsa, ospakizun gauak zapore garratza izan lezake, garaipenaren biharamunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide