Ohea egiten

Erabiltzailearen aurpegia Oier Etxeberria

(Argazkia: Pixabay)

Oier Etxeberriak iraileko Azpeitia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Ohea egiten munduan onenak suediarrak dira. Merke egiten dituzte, hiruzpalau torloju eta eskuorri batekin muntatzeko modukoak.

Joxemielek zioen beretzat sehaska izan zela bigarren neskame orde, Epelde eta Larrañagak penaz utzitakoan maite zutela gehiena, eta Betizukoek amari ez zutela oherik egin nahi abesten zioten.

Izan ere, eztabaida amaigabea da ohea atontzen jardutearena. Zenbaitek argudiatuko du, platerak ere garbitzen direla hurrengo otorduan ostera ere zikintzeko. Edo barne lasaitasuna ematen duela kotoiaren silueta lisatuak. Eta beste batzuek, berriz, alferrik iritziko diote goizero izarak lisatzen jarduteari, ilunabarrean desegingo eta.

Beraz, logelari dagokionez, bi multzotan sailka genitzake pertsonak: ohearen leihoko alderdian jartzen direnak, eta sarrerako atearen ertza aukeratzen dutenak. Itzarrik ezagutzen ditugun askok harrituko gintuzkete, maindireetan nolakoak diren ikusiko bagenitu. Onerako edo txarrerako, ilunpeko lanak izaten dira gehienetan.

Eskolako aurrenengo irteeretan, deskubrimendu handia izan zen literena; eta, beraz, baita behea edo goia aukeratu beharraren ardura ere. Norabait kanpora goazenean, etzan orduko igartzen diogu etxekoaren aldean desberdina dela. Ohikoa baino bigunagoa, gogorragoa, zaratatsuagoa, akaso. Mihiseari bularrean gora tira egitean, hanka puntak agerian geratuko zaizkizu, agian.

Burkoaz, beste horrenbeste. Kanpin dendako zakuan sartu, eta burua esterilaren gainean pausatu bezain pronto sumatzen da bere falta. Badut ezagun bat, asteburu pasa doanero, metro eta erdi luzeko luma poltsa zuria kotxean hartu behar izaten duena. Agidanez, atsedena afera serioa da, edozein malguki egoskorren esku uzteko.

Txikienen iruditerian, mamuak ezkutatzen dira koltxoiaren azpian. Helduen amesgaiztoetan, xurgagailuak iritsi ezinezko hautsa. Denbora erlatibizatzeko ere balio du: siesta labur bat, beste bost minutu gehiago. Beharbada, horregatik dago kanapearen aldeko joera orokortua. Lo gauden bitartean ere, espazioa behintzat aprobetxa dezagun.

Katalogoetan zurruntasun, barne egitura eta zabalera askotako lastairak ageri dira. Fabrikatzaileen oraingo argudio komertziala aparraren memoria da. Bera egokitzen omen da zugana, eta ez alderantziz. Pentsatzen ari nintzen ea berbera ote den ohaideen forma, biak elkarri begira edo bizkarra emanda lokartzen direnean. Normalean, oheratzea beti baita gozoagoa, biharamunean itzartzea baino.

Estandarrek diote umetan busti egiten dela. Gero, hazten eta zabaltzen joaten da norberarekin batera. Batzuek elkarbanatzea deliberatuko dute. Ezinak ugaritu ahala, igotzeko eta jaisteko trepetak eransten zaizkio, ibilian-ibilian, berriro ere bustitzen amaitzeko. Azken arnasik gehienak ere, bertan ematen dira.

Eztabaida batean, norbaitek bota zuen aspaldian gerriko minez zebilela, zahartutako ohean lo eginez ari zelako. Bueltan entzutea tokatu zitzaion, minez hasi baldin bazen, zahartzen ari zena seguru asko ez zela ohea bakarrik izango.

Gurean askotan kontatzen den istorioa da etxera saltzaile bat koltxoi berriak eskaintzera agertutakoan birraitona zenak erantzun omen ziona: koltxoi berriak? Ez, ez. Lehengo zaharretan egoteko denbora zela berak behar zuena.

Duela gutxi, somier motorizatu bat tokatu zitzaidan automobil bateko sabaian, azpikoz gora. Ez da suediarren estiloa.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide