Normaltasun berriarenak

Erabiltzailearen aurpegia Olatx Aranguren 2020ko uzt. 26a, 09:28

Olatx Arangurenek 2020ko uztaileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Gehiegi konturatu gabe uda ate joka. Elkarrekin egoteko, kalea gozatzeko gosea herriko terrazetan. Baina bilatuko ote dugu gure ezinegona asetzeko moduko ezer aurtengoan?

Hondartza dinamikoak ezagutuko ditugu, lehenagotik nahiko egonaldi dinamikoak egiten bagenituen ere. Haur parkeetan dagoeneko kendu dituzte prezintoak. Bukatu da konfinamendua. Nire sorbaldek 500 kiloko harria hamabost bat plazaz arrastaka, tiraka eraman dutela dirudite. Eta azkenekoan harria gainetik pasatu zait, nahigabe.

Lotarako, jateko edo beste edozein behar oinarrizko asetzeko denborarik hartu ezinda pasatu ditugu asteak ordenagailuaren aurrean. Ikasleak etxeraino sartu zaizkigu. Oporraldiek, lan ordutegiek ez dute existitu. Astebeteko tartean ezertarako denborarik gabe ibiltzetik langabeziara, normaltasun berri deitu diotenaren atarian.

Sistemak aurrera jarraitzea kontua, bizitza bigarren planoan geratu da. Pandemia bat nahikoa izan da jendeak odolez irabazitako eskubideak bertan behera uzteko. Gogoan izateko garaiak. Ziurtasunik gabekoak omen aurrean ditugunak. Beste ikasturteetan ere ez da ohikoa izan irailean zer izango zen aurrez jakitea. Aurtengoak ere hala beharko du.

Bizitzari gure doinuaren araberako kontakizuna ematen saiatzen gara eta dagoeneko bideratuta dagoela uste dugunean dena hankaz gora jarri eta galderak baino ez lehen betetzear ikusten zenuen liburu hutsaren gainean.

Errautsetatik piztu, berriro sortzea. Lehen beldurrez alde batera utzitako bideei, proiektuei ekiteko garaia. Helduleku handirik gabe, bidea bera lagun izango delakoan. Eta ez da erraza. Ez gaituzte horretarako hezi.

Makuluak, eskuak, besarkadak, musuak; denak izango ditugu beharrezko iluntasunean argia egiteko. Eta badira su berriak, bizi duten munduari bizitasunez, edertasun ikaragarriz irribarre egiten diotenak.

Abuztuan bederatzi urte beteko dira lehenengo iloba jaio zenetik. Deskribaezina hain txikia eta hauskorra izanik ere bere osotasunean pertsona garatuta nola egon daitekeen hiru kilo pasatxoan. Nereari hilabetez hilabete sabela nola handitzen zitzaion ikusi arren, sinesgaitza zen besoetan zegoen izaki txiki hura han barrutik atera izana. Arnasa hartu zuen lehen unetik gainezka egindako maitasuna. Negar batean. Bizitzaren miraria, handitasuna ulertu ezinik geunden. Esker ona baino ez.

Atzetik beste bi jaio ziren. Bizitzarekiko miresmena, negarra, poza berriro ere etxekoen gaixotasunak, ebakuntzak egokitu zitzaizkigun garai bertsuan. Ospitaleko egonaldiak ohiko bihurtzen hasiak zitzaizkigun dagoeneko, eta zein indartsua izan zen zuhaitzeko adar bati agur esaten ikasi bitartean kimu berriei harrera egitea. Bizitzaren edertasuna joan-etorrian argi itzalaren jolasean.

Ez dakigu ezer handirik. Naturaren menpeko gara erabat nahiz eta hura menperatzen saiatu aukera dugun bakoitzean. Ez dago gure esku gertatuko dena. Badirudi gu ez garen beste aldagai batzuek ere badutela zeresana. Eta hala ere gertatuko denari aurrea hartzea nahi izaten dugu. Segurantzia izan. Bizitzari aurrea hartu. Txikienek ere ipuin berdina behin eta berriz irakurtzea nahi izaten dute, gertatuko dena jakiteak lasaitasuna eragingo balie bezala. Barruan daramagu. Baina eraiki dugun Legoak ez digu dagoeneko balio. Bota eta berriro hastea, badirudi hori dela orain eskatzen zaiguna. Horretan ere txikienek aurrea hartu digute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide