Iritzia

Funanbulistak

Erabiltzailearen aurpegia Olatx Aranguren 2021ko urt. 14a, 08:32

Olatx Arangurenek 2020ko abenduko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Helduleku sendorik gabeko funanbulista izatera ohitzen ari gara. Zygmunt Baumanek modernitate likidoa deitu zuen. Zer egin zapaltzen ari zaren lurra ere dardarka, zalantzati, ezerezte bidean sumatzen denean.

"Ez gaude gaizki, gu baino okerrago milaka daude", aritzen gara geure burua bezatu nahian. Eta, hala ere, kezka, beldurra, ez dira etxe ataritik uxatzen errazak.

Agindu digute zintzoak izatekotan soilik izango ditugula Gabonak; azkenburukoaren zain egoten diren haurrekin parekatu nahi izan gaituzte. Erakunde publikoek behar luketen laikotasuna amets oraingoan ere. Epe oso motzeko estrategia, lanetik etxerako kate motzean lotu gaituzten honetan. Dirudienez, olatuak, aparraldiak, goi lautadak nahiz txakalaldiak ezagutuko ditugu. Kultura bizirik irauteko gutxieneko dosietan eskaintzen zaigu. Behe lainoa lehenago argi ziruditen eremuetan.

Etxean izan dut birusa. Ostiral goiz batez iritsi zitzaidan etxetik irteteko debekua. Orduantxe berriro ere lanean hasi berri. Fakultatea, ikasleak, lankideak... Haiei egoera jakinarazi. Beldurra nabarmen. Protokoloak eta fluxugramak, ikasleek positibo ematen zuten kasuetarako prestatuta bereziki. Etxetik ezin irtenda, saioak online gidatuta ere, protokoloaren arabera, nik ireki behar nien gelako atea eskolara bertaratutako ikasleei. Kontraesanetan, ezinetan igeri egiten aditu bihurtzen ari gara.

Sintomarik apenas. Etxea hutsik. Azokan egin beharreko erosketak poltsaratzeko, etxeratzeko, bizirik irauteko ingurukoak behar. Laguntza eskatzen, laguntza eskertzen ikasteko ariketa handia izan da niretzat. Zaindua izatearen ederra, maitatua sentitzearen plazera. Zapaltzen duzun lurra dardarka desegitear denean ere non eroria izatearen babesa. Guztia kontrolpean nahi izatearen segurantziarik gabe, bizitzari, ingurukoei egiten uztea. Besterik ezin duzula onartzea.

Hamasei egun izan dira norberaren ispiluan aurrez aurre. Pikuñetakoen madalenak; Presaldeneko makarroi, croissant nahiz karakolak... denetarik iritsi zait etxera enkarguen artean. Etxekoak bateratsu izan gara konfinatuta. Ilobekin bideoak, jolasak, ipuinak, dantzak Whatsapp bidez partekatuz, sormena borborka. Ama eta ahizparen partea jaso eta denak ondo zirela uste nuenean, berriro ere neurera bertaratu. Amona ere tarteka kezkaz, ondo ote nintzen telefonoz galdezka. Horra gutxi gora behera hamasei egun horietako jira.

Ordura arte askorik esploratu gabeko aho eta sudurzuloak urratu dizkigute. Erizainak, medikuak nahiz aztarnariak etxeko bilakatu zaizkigu. Zenbaitek erakutsitako goxotasuna, gertutasuna, ez da urrearekin ordaintzen; nahiz eta azken urteetan lan baldintzen eskastea bizi izan, gizatasuna eskaintzen ari dira beste guztiaren gainetik. Asko eskertzen da egiten ari diren lana.

Eta horrelakoetan amarengana gogoa. Aitaren hiletan etorri zirenei begira, jendeak eskainitako goxotasunaz zipriztinduta, behin eta berriro errepikatzen zuen hunkituta: "Zenbat zor, zenbat zor". Ni ere hala sentitzen naiz zaindu, maitatu, goxatu nauten guztiekin: zenbat zor. Zorra bizitzaren hartu-emanaren zentzuan.

Norbera izateko elkar behar, eta elkar izateko norbera behar. Utzi bizitzari berea egiten; gogoz, kemenez, eta ahal bada, irribarrez hartu datorrena. Horra isolamendu berriak nirean utzitako ikasgaietako batzuk; oraindik barneratzen kostatuko zaizkidanak. Datorrenari nondik begiratu, hortxe gakoa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide