Iritzia

Edertasunaren arrastoan

Erabiltzailearen aurpegia Olatx Aranguren 2021ko mar. 14a, 08:01

Olatx Arangurenek 2021eko otsaileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Lurra esnatzen hasia da loaldi sakonetik. Ez gara negualdia lotan pasatzekoak, baina, hala ere, barnera biltzen gara. Inoiz baino grinatsuago dihardugu argiilunetan edertasunaren bila. Unibertsoa artista jainkotiar batek sortutako artelan batekin alderatu zuten pentsamendu platonikoan, baina mundu gizatiarreko edertasunak ere berdin liluratzen gu.

Pietro Marcello zuzendariaren Martin Eden filma bigarrenez ikusi berri, kolektibotasuna eta indibidualtasuna norgehiagokan ageri dira bertan, Jack Londonen izen bereko nobelan oinarrituta. Nobela Kalifornian kokatzen da, pelikula Napolin. Kapitalismoaren eraginez sortutako giza miseria ikusgai. Historiak erakutsi digu, bai kolektibotasunak, bai indibidualtasunak, biek ere argi-ilunak dituztela. Eite kolektiboa duten proiektuei eutsi nahian gabiltza; norbere etxean filmak ikusteko aukera nahiz baliabideak izanda ere, gehienok zinema aretoko iluntasunaren zirrara maite. Pelikula ikusi osteko tragodun solasaldiak berreskuratuko ote ditugu noizbait.

Kalea izan dugu bizitoki, nerabe gineneko eskola. Jendarteak egin gaitu, egiten gaitu. Eta jendartea egiten ari gara egunero. David Humek esan zigun "gauzen edertasuna kontenplatzen dituenaren espirituan, behatzailearen begian" dagoela. Edertasunaren historia begiraden historia da. Begiratzen ikasi egiten da. Eskolan ikasitakoaz gain, kalean ikasteko ohorea eta tamala izan ditugu. Egunerokoa ez zen erraza, ez zen ederra, eta aldi berean, a zer edertasuna!

Jendeak sortutako espazioetan hazi izan gara; tabernak, jolas aretoak edo okupatutako espazioak ezagutu, bizi izan ditugu eta bizi ditugu. Matadeixek zutik dirau argia edo iluna eskainiz –begiratu nahi denaren arabera–, lurmuturrean den itsasargiaren antzera.

Dinamoak antolatutako Hitzaren Eskolan ohartu naiz zenbaterainoko hezkuntza jaso eta landu izan dugun jendartetik sortutako espazio okupatu horietan: zineman, artean, antzerkian, literaturan, pentsamoldean, harremanak eraikitzeko moduan, postmodernitateak sortutako likidotasunean aritzeko elikagaia jaso izan dugu askotan. Orain artean onarpen handiegirik jaso izan ez duen isilpeko lana.

Bilboko Arte Ederren museoan izan ginen Hitzaren Eskolako ikasleak. Emakumearentzako edertasunarentzat tarte gutxi XXI. mendeko museoan. Ezinegona sortzen du gizonezkoentzako edertasunaren logika emakumeok ere zenbateraino barneratuta daukagun ikusteak. Zein umezurtz utzi gaituen kulturak nahiz hezkuntzak, izan instituzioetatik jaso dugunak, izan guk geuk kolektiboki eraikiak. Emakumeak gizonarentzat plazer denean soilik du itzala. Ikusitakotik ondoriozta daiteke emakumeak ez gaituztela edertasuna hautemateko gai kontsideratzen. Gizonentzako edertasuna izatera mugatzen gaituzte.

"Edertasuna errealitatea da, eta ez ederra den gauza bat", zioen Consuelo Martinek; "gu garen zoriontasuna eta edertasuna piztea da arte lanak egiten duen gauza bakarra", Koldo Etxebarriak.

Eta esan, gure hitzak berriz esan. "Zer dio isiltzen denak isiltzen denean?"; Bernardo Atxagak Adbelfattah Kilito idazle arabiarraren ideian oinarrituta sortutako hitzak, Mikel Laboak kantatutakoak. Elurrak urtzen hasi direnean, ez daitezela ahaztu, ez daitezela gal. Ez ditzala estal lurrak, ez eraman haizeak. "Elur gainean txori hanka arinek utzitako arrasto sail ederra bezalaxe".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide