Euskarafobia

Erabiltzailearen aurpegia Pako Aristi 2022ko ots. 8a, 08:27

Pako Aristik joan den igandeko Berria egunkarian argitaratutako iritzi artikulua da honako hau.

Arrazismoa, matxismoa edota edozein zapalkuntza mota bezala, euskarak espainolen eta frantsesen aldetik nozitzen duen bazterketa eta menderakuntza lokarturik egoten da bolara batzuetan. Ez da ikusten, ez da ageri, ezti dago gure hizkuntza bere esparruetan, bere hiztunen gogoan. Baina zuk badakizu gerta daitekeela, mikro-eraso bat jasango duela euskara erabiltzeko zure eskubideak, edo makro-eraso bat, zure bake linguistikoa hankaz gora jarriko duena, sumindura guztia irazekiko dizuna, eta botere publikoen eskutik bezala euskalgintza instituzionalaren partetik babesgabe sentiaraziko zaituena. Beti da berdin, eta ez du konponbiderik.

Ez naiz epaitegien ebazpenez ari, euren herra harri bat bezala aurpegira botatzen dizuten norbanakoez baizik. Eraso bortitzagoa da inongo begiramenik gabe eta aurrez aurre euskara ukatzen dizun horren zartada, ttu eginez borondate oneko teoria guztiak lurrera jaurtitzen dizkizun horrena.

Usurbildik Hernanirantz zoazela Txillida Leku parean dagoen gasolindegian geratu nintzen egun hartan, kontent eta alegera. Denbora neraman eraso linguistikorik jasan gabe. Autotik jaitsi eta neska bat hurbildu zitzaidan. "Egun on!". "¿Cuánto?". Bi hogeiko atera nituen irribarretsu, gasolina mota seinalatuz. "Berrogei euro, mesedez!". "¡Que cuánto, te digo!". Nik guztiz adeitsu erantzun nion, dirua seinalatuz: "Berrogei euro, mesedez!". Gogoan nituen elkarbizitzaren aldeko proklamak, Euskaraldiaren asmo onak. Orduan kolpatu zuen berak nire euskaltasuna: "¡Yo no estoy aquí para aprender euskera, si no para echar gasolina!". Eta mangera sartu zuen depositoaren ahoan: "¡Supongo que dices cuarenta!", eta automatikoari emanda, joan zen.

Aho bete hortz utzi ninduen, irribarrea izoztuta. Zer egiten du euskal hiztun aldarte onekoak gasolindegi baten erdian erasotzen dutenean? Zein protokolo dago guretzat? Zein Arartekok babestuko gaitu? Non daude larrialdi telefonoak, non bortxakeria linguistikoan trebatutako epaile eta fiskal zorrotzak? Erreklamazio orriak bete behar ditut, nire istorioa berriro errepikatu, jakinik legeak gasolindegiko neska defendatuko duela, balizko epaile batek errua niri botako lidakeela, espainola ederki dakidala aurpegiratu ondoren?

Jarraitu irakurtzen Berriaren webgunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide