Eskubideak. Iazko urtean horietako asko galdu ditugun sentsazioarekin nago. Agian, ez da sentsazioa, errealitatea baizik. Orain barneratuta edo normalizatuta ditugun gauza asko egunen batean norbaitek aldarrikatu izanaren ondorioz dauzkagu eskura. Gaur egun, normalak diraa 40 orduko lan astea, emakumeen boto eskubidea, adierazpen askatasuna, eta zer esanik ez, kalean inoren baimenik gabe ibiltzea. Amonarekin hitz egiten dudanean, ordea, ohartzen naiz gauza horiek guztiak batzuek kale asko eta asko askotan bete zituztelako lortu direla.
Martxoaren 13an, etxera laneko ordenagailuarekin joan nintzenean, ez nuen uste ordura arte eskubidetzat nituenak delitu bihurtuko zirenik. Kalean ibiltzea, herrien artean mugarik ez izatea, jende kopuruari ez begiratzea, nahi dudanean etxeratzea. Tentsiorik sentitu gabe. Urteko lehen egunetan, hutsune asko ditut: 26 urterekin, urte oso bat galdu izanaren sentsazioarekin amaitu dut joan berri den urtea.
Urtarrila. Sansebastianak. Jendetza biltzen den festa. Parte hartzea.
Otsaila. Karnabalak. Sokamuturra. Jendetza. Jantziak. Aurpegien bigarren aldea.
Martxoa. COVID-19a. Hamabostaldi baterako etxera. Telelana. Horren luzapena.
Apirila. Bizitzan lehen aldiz egunerokoa idazten hasi nintzen.
Maiatza. Deseskalatzeko faseak ulertzeko masterra egin beharra.
Ekaina. Extremaduran, gai pertsonalengatik. Gero, lehen parrandak. Ospakizunak.
Uztaila. Ilunabarrak. Hondartza. Lagunak. Ondarroa.
Abuztua. Telesail baten grabaketa.
Iraila. Zinemaldia. Bidaiak. Pertsona bereziak. Bulegora buelta.
Urria. Hamabost eguneko oporrak. Arnasa hartu beharra. Deskonektatzea.
Azaroa. Eguraldi bikainak asteburuetan, derrigorrez etxean sartuta egoteko. Herritik ezin ateratzea. Tabernen itxiera.
Abendua. Hotza berriro. Herriko tabernak bi egunez mantendu dira irekita. Gipuzkoan mugitzeko baimena.
Ez dut sinetsi nahi pandemiaren aurretik lortutako eskubideak gal ditzakegunik. Ez dut ahaztu nahi nire gertukoekin kalean kafe bat hartzen nuela; taberna barruan zutik eta trago bat eskuan hartuta dantza egiten nuela; zineman maskara gabe eta ondokoaren goxotasunean egoten nintzela; autoa hartu eta herriz herriko kantaldiak, hondartza beteak, oporretako lekuak beldurrik gabe bisitatzen nituela; edo besterik gabe, orain eman ezin diren musu eta besarkadak ematen nituela.
"Garestia da musu bat orain, gorde bagenitu doan zirenean..." (Zetak).