Igor Elortza bertsolaria da Azpeitiko kultur mugimenduari edota kulturarekin lotutako kontuei buruzko gogoeten bigarren kapsulako protagonista. Sanagustin kulturgunearen 10. urteurreneko Herri Batzordeak martxoaren hasieran ekin zion bideo laburrak argitaratzeari, eta hilean pare bat egitea da asmoa. Batez ere, kultur sortzaileei egindako bideoak izango dira, minutu batekoak-bikoak, eta, haien artean, azpeitiar eta herriko kultur ekinbideetan aritutako kanpoko batzuk mintzatuko dira, zenbait kasutan poema bat errezitatuz, musika instrumentu bat joz...; artistaren arabera.
Igor Elortza (Durango, 1975) bertsolari, musikariaria eta idazleari eman zaio hitza bigarren kapsulan. Elortzak urteak daramatza plazaz plazako bertso jardunarekin, eta hainbat txapelketatan ere parte hartutakoa da; are gehiago, bost aldiz irabazi du Bizkaiko Txapelketa. Gainera, Dinamoa sormen guneak antolatutako Hitzaren Eskolaren lehen edizioko irakaslea ere izan zen durangarra. Kapsuletako hurrengo protagonistak Jose Luis Otamendi poeta eta Miren Gaztañaga aktorea izango dira.
10. urtemugako blogean ez ezik, sare sozialetan, YouTuben edota Soreasuko zinema emanaldien aurretik ere ari da kapsulak eskaintzen batzordea.
Hauek dira aurrekoak:
1.- Iraia Bereziartua biolin-jotzailea (martxoak 4).