Ekainaren 25ean, ostiralez, Herri ekimena eta kooperatibismoa izeneko nazio jardunaldia izango da, Sanagustin kulturgunean, eta oraindik ere bada saiorako izena emateko aukera. Hain zuzen ere, herritarrek eta eragileek bestehamaikabizitzeko@gmail.com helbidera mezua idatzita eman dezakete jardunaldirako izena. Dagoeneko 40 bat lagunek eman dute jardunaldirako izena.
Azpeitiko Sanagustin kulturgunearen 10. urteurrenaren ospakizunaren barruan antolatu dute ekitaldia, Herri Batzordeak eta Kultiba kooperatibak. Jardunaldia Sanagustin kulturgunean izango da, 09:30etik 13:30era bitartean, eta bost lagunek hitz egingo dute: tartean, David Fernandez katalanuniarrak. Horrez gain, Euskal Herriko lau esperientzia praktikotako ordezkariek hartuko dute hitza.
Jakingarriak
Kooperatibismoa: zer eta zertarako
- David Fernandez (kooperatibista, Herrialde Katalanak): Balioak eta balioa.
Kooperatibismoa: zergatik eta nola. Esperientzia praktikoak
- Ioritz Aizpuru (Elikagunea, Azpeitia): Saltokiaz harago, dastaketa eta heziketa gunea.
- Cristina Etxegoien (Erreka Group, Mondragon korporazioa): Industria produkzioa.
- Gartzen Garaio (Ekintza Faktoria, Aiaraldea): Eraldaketa soziala euskaratik eta euskaraz.
- Naroa Elortza (Goiener, Euskal Herria): Energia berriztagarrien sorkuntza eta kontsumoa.
Sanagustin kulturgunearen 10. urteurreneko Herri Batzordeak maiatzaren 10etik uztailaren 24ra arteko egitaraua prestatu du, sei ekitaldirekin, eta maiatzaren 28an izan zen beste nazio jardunaldia: kultur artikulazioari buruzkoa, Jakin fundazioarekin antolatutakoa. Egitarauko bosgarren ekitaldia izango da Herri ekimena eta kooperatibismoa jardunaldia. Azpeitiko Kultur Mahaiak, Kulturaz kooperatibak, bi udal taldeek eta norbanako batzuek osatzen dute Herri Batzordea.