Herri ekimena eta kooperatibismoa nazio jardunaldiak badu data berria: urriaren 5ean, asteartez, izango da Azpeitiko Sanagustin kulturgunean. Joan zen ekainaren 25ean zen egitekoa saioa, baina hizlarietako batek, David Fernandez kataluniarrak, baja medikua hartu zuen –lesio bat tarteko inmobilizatuta egon beharko du aste batzuetan–, eta horregatik atzeratu zen jardunaldia udazkenera. Gainera, jardunaldietako parte hartzeak presentziala izan behar zuela-eta bide telematikoa alde batera uztea erabaki zuten jardunaldien antolatzaileek zein Fernandezek.
Jardunaldiaren egitaraua hasierako berbera izango da: zehazki, 09:30etik 13:30era egingo da, eta David Fernandezek ez ezik, Euskal Herriko lau esperientzia praktikotako ordezkariek hitz egingo dute –Azpeitiko Elikagunekoek, Mondragon korporazioko Erreka Group-ekoek, Aiaraldeko Ekintza Faktoriakoek eta Goiener-ekoek. Sanagustin kulturguneak 10 urte Herri Batzordeak eta Kultiba kooperatibak antolatu dute goiz jardunaldia.
Herri ekimena eta kooperatibismoa nazio jardunaldirako izen-emate epea aurrerago zabalduko dute haren antolatzaileek.
Jakingarriak
Kooperatibismoa: zer eta zertarako
- David Fernandez (kooperatibista, Herrialde Katalanak): Balioak eta balioa.
Kooperatibismoa: zergatik eta nola. Esperientzia praktikoak
- Ioritz Aizpuru (Elikagunea, Azpeitia): Saltokiaz harago, dastaketa eta heziketa gunea.
- Cristina Etxegoien (Erreka Group, Mondragon korporazioa): Industria produkzioa.
- Gartzen Garaio (Ekintza Faktoria, Aiaraldea): Eraldaketa soziala euskaratik eta euskaraz.
- Naroa Elortza (Goiener, Euskal Herria): Energia berriztagarrien sorkuntza eta kontsumoa.
Sanagustin kulturgunearen 10. urteurreneko Herri Batzordeak maiatzaren 10etik uztailaren 24ra arteko egitaraua prestatu du, hainbat ekitaldirekin, eta maiatzaren 28an izan zen beste nazio jardunaldia: kultur artikulazioari buruzkoa, Jakin fundazioarekin antolatutakoa.
Azpeitiko Kultur Mahaiak, Kulturaz kooperatibak, bi udal taldeek eta norbanako batzuek osatzen dute Herri Batzordea.