25 urteren bueltan, 2016an berriro oholtzara igo zen Jotakie Azkoitiko-Azpeitiko musika taldea, Sanagustin kulturgunean, eta datorren urriaren 9an (larunbata) berriro joko dute toki berean. Duela bost urteko kontzertua, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarai eta Urola Ikastolaren sorreraren 50. urteurrena ospatzeko izan zen, eta oraingoa, Sanagustin kulturgunearen 10. urteurrenaren barrukoa, ospakizuneko Herri Batzordeak antolatuta. Duela bi urte saninazioetan ere aritu ziren, txosnagunean.
Jotakieren urriko kontzertua 21:00etan hasiko da, eta sarrerak salgai daude jada Kulturaz.eus webgunean. 10 euro balio du sarrerak. Kultur bonoa dutenek ez dute ordaindu beharrik izango.
Jose Antonio Elorzak (ahotsa), Manolo Azpitartek (gitarra), Peio Larrañagak (bateria) eta Luka Martinek (baxua) osatzen dute taldea. Iaz ere Azpeitian jotzekoak ziren, Immaculate Foolsekin batera, baina COVID-19aren pandemiak bertan behera utzi zuen kontzertua, bi aldiz.
Sanagustin kulturguneak 10 urte Herri Batzordearen azkeneko ekitaldia izango da Jotakieren emanaldia. Batzordeak aurtengo maiatzaren 10ean hasi zuen egitaraua, erakusketa batekin. Maiatzaren bukaeran kultur artikulazioari buruzko nazio jardunaldia izan zen, eta egun horietan Kultur Zuhaitz Eguna ere bai. Ekainean, Dinamoa sormen gunearen irekiera ofiziala izan zen, eta uztailean, Sanagustinen 10. urteurreneko ekitaldia. Urriaren 5ean izango da hurrengo ekitaldia: Herri ekimena eta kooperatibismoa nazio jardunaldia. Haren ondoren, eta egitaraua bukatzeko, Jotakie. Azpeitiko Kultur Mahaiak, Kulturaz kooperatibak, bi udal taldeek eta norbanako batzuek osatzen dute Herri Batzordea.
Elkarrizketa (2021-10-8). Elorza: "Uste dut publikoak baduela katxondeorako gogoa".