'Zuzenekoak On!': kultura ezagutzeko modu bat, kultura aztertzeko hainbat kronika

Erabiltzailearen aurpegia Kulturaz kooperatiba 2016ko api. 28a, 19:03

Iraurgi Ikastetxea eta Sanagustin kooperatiba kultur emanaldien ezagutza, kultur eskaintzaren ezagutza eta horien gaineko alderdi kritikoa garatzea helburu duen egitasmoa lantzen ari dira, elkarlanean, ikasle talde batekin. Zuzenekoak On! da proiektuaren izena.

Iraurgi Ikastetxearen ekimenez, DBH3ko ikasleak herriko kultur dinamika gertuagotik ezagutzen ari dira. Sanagustin Azpeitiko Kulturgunea Kooperatibarekin elkarlanean, herriko kultur eskaintza aztertuko dute 60 bat ikaslek.

Kultur esparruko lanak eta egiturak ezagutzeko aukera izango dute, eta lehen kontaktuan Sanagustin kulturgunea eta Soreasu antzokia ezagutzen izan dira kooperatibaren eskutik. Bi eraikinen historia eta ibilbidea ezagutu eta barruak ikusi dituzte.

Helburuak

Egitasmoaren helburu nagusia gazteek kultura zuzenean eta barrutik bizitzea da, zuzeneko kultur emanaldietara gerturatzeko ohitura sustatuz, bide batez. Taldeka antolatuz, kultur adierazpide ezberdinak aztertuko dituzte eta kronikak idatzi beharko dituzte. Kronika baten ezaugarriak lantzeaz gain, gazteen alderdi kritikoa ere garatzeko lanketa izango da, musika ikasgaiaren ebaluaketarako puntuagarria izango dena.

Maiatza amaitu arte bitarteko hainbat ekitaldi hartuko dute aztertzeko, aste honetan bertan hasita. Hala, landuko eta barrutik ezagutuko dituzten ikuskizun eta antolaketak izango dira: Erabaki Fest!, Taula gaineko argi-itzalak erakusketa, Emusik kontzertuak, The Meanies eta Money for Rope taldeen kontzertua eta Txiki Biran egitasmoaren baitan joango den antzerkia.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide