Goxoa, sakona eta gertukoa izan zen Erraiak proiektuaren aurreneko hegaldia. Joan den ostiralean, hilaren 18an, aurkeztu zuten Felipe Murillok, Itziar Beitiak, Xabi Arrietak, Jontxu Larrañagak eta Mikel Zalduak Erraiak proiektua Sanagustin kulturgunean, dozenaka entzuleen berotasunean. Diskoa osatzen duten hamar kantuak izan ziren entzungai ordubete inguru iraun zuen zuzenekoan, eta taldearen doinu ederrez gozatzeko aukera bikaina izan zuten gerturatu zirenek. Kulturaz kooperatibak argazki bilduma osatu du Alberto Belokik ateratako irudiekin. Argazki guztiak ikusgai, hemen.
Ostiralean bertan, kontzertuaren aurretik, abiatu zuten Erraiak proiektua diruz laguntzeko kanpaina. 40 egunez egin daiteke ekarpen ekonomikoa, honako loturan. Hiru ekarpen egin daitezke: 5 eurokoa, 10 eurokoa eta 15 eurokoa, eta egindako ekarpenaren araberakoa hiru produktu eskainiko dituzte: Erraiak digitala, Erraiak berezia eta Erraiak berezi berezia.