Lankidetza hitzarmena sinatu dute Kulturaz eta Domusa Teknik kooperatibek

Erabiltzailearen aurpegia Kulturaz kooperatiba 2021ko mai. 13a, 11:40

Hitzarmenaren bidez, Domusa Teknikek kultur ekimenak sustatzeko finantzazioa eskainiko du. Kulturazek, berriz, kultura modu integralean lantzen jarraitzeaz gain, Errezilen kultur ekimenak sustatuko ditu.

Kultur ekimenak sustatzeko hitzarmena sinatu zuten atzo Domusa Teknik eta Kulturaz kooperatibek. Hitzarmenaren bidez, Kulturazen bere kultur dinamika integralaren baitan txertatuko ditu Domusa Tekniken eta Errezilgo herriaren beharrak. Alde batetik, Errezilgo Udalarekin eta herritarrekin elkarlanean, kultur ekitaldiak Errezilera bideratuko ditu Kulturazek. Gainera, kultur sormena, transmisioa edota ikusgarritasuna lantzeko ekimenak sustatuko ditu Errezilgo San Martin herri eskolarekin batera. Bestalde, Kulturazen ekitaldi guztietako bi sarrera emango dizkio Domusa Tekniki, eta kooperatiba horrek behar dituen ikus-entzunezkoak ekoitziko ditu Kulturazek.

Domusa Teknikek diruz babestuko du Kulturaz kooperatiba. Domusa Teknik kooperatibak eskualdeko hainbat eragileri laguntzen dio ekonomikoki urtero beren proiektuak eta ekimenak aurrera ateratzen. Oraingo honetan, euskal kulturari ekarpen garrantzitsu bat egin nahi dio. Kulturaz kooperatibak euskal –eta batik bat euskarazko– kultura modu integral batean jorratzen du. Bere helburu nagusia euskarazko kulturaren sustapena da, eredu propio batekin: autonomia (autofinantzazioa), elkarlana eta parte hartzearen arteko oreka ditu sostengu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide