Sortzaile berriak bultzatzeko xedez garatutako Arkupehotsak egitasmoaren laugarren edizioa martxan da jada. Ür eta Hook izango dira aspaldiko partez Sanagustingo arkupeko oholtza zapalduko duten bi taldeak. Ekainaren 26an, zapatua, izango dira kontzertuak, 18:00etan hasita. Doakoak badira ere, aurrez izena ematea komeni da, honako lotura honetan. Irailaren 4an, berriz, Etxekalte eta Habi taldeak oholtzaratuko dira Sanagustingo arkupean. Musika taldeek oraindik eman dezakete izena laugarren edizioan, izen-emate epe irekia baitu egitasmoak.
2011tik hona, Azpeitiko Kultur Mahaiaren kooperatibaren xedeetako bat izan da sortzaile berriei babesa eskaintzea. Arkupehotsak egitasmoa bide horretan sortu zen; batetik, kultur jarduna modu integralean jorratzeko; eta, bestetik, musikaren alorrari zentzua emateko eta musika modu zabalean lantzeko. Horregatik, programazioaz gain, sentsibilizazioa, sormen prozesua, publiko berriaren sustapena eta formazioa landu ditu Kulturazek. Kulturaz kooperatibaren egitasmoak laguntzaile ditu Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza. Bidelagun ditu, berriz, Badok ataria eta MusikaZuzenean.