Hator Hator Horror Fest beldurrezko zinema jaialdia izango da abenduaren 10ean, 11n eta 12an

Erabiltzailearen aurpegia Kulturaz kooperatiba 2021ko urr. 27a, 09:10

Ospel Films eta Kulturaz kooperatibak elkarlanean antolatu duten jaialdian beldurrezko filmekin lotutako askotariko ekimenak izango dira.

Munstroek amesgaiztoetatik jauzi egin eta Azpeitian hartuko dute aterpea abenduaren 10ean, 11n eta 12an, Hator Hator Horror Festen lehen edizioa egingo baita egun horietan. Ospel Films eta Kulturaz kooperatibak elkarlanean antolatu dute zinema jaialdiaren lehen edizioa.

Abenduaren 10ean, eguzkiak ilargiari lekua uztean, hasiko da beldurrezko zinema jaialdia. Ospel Films ekoiztetxearen Pasaia, Ospel eta Lekaime filmen proiekzioekin hasiko da jaialdia, 19:00etan, Soreasu antzokian. Xanti Rodriguezek zuzendu ditu hiru film laburrak. Pasaia filma, Sitgeseko Beldurrezko Astean estreinatu ostean, Soreasuko pantailan primizian ikusteko aukera izango da. Emanaldia borobiltzeko, ekoiztetxe beraren Lekaime (Sitges, 2018an) eta Ospel (Donostiako Beldurrezko Astea, 2020an) film laburrak eskainiko dira. Biek nazioarteko hainbat sari eskuratu dituzte. Segidan, Xanti Rodriguez film laburren zuzendariarekin solasteko aukera izango da.

Abenduaren 11n, zapatua, goizean beldur eta fantasiazko film laburren bi pase egingo dira Soreasu Antzokian. Beldurrezko filmak, 10:00etan, eta animaziozko filmak, 12:00etan, eskainiko dira. Arratsaldean, berriz, bi film luze eskainiko dira Soreasun, 16:30ean eta 19:00etan. Datak gerturatu ahala emango ditugu goizeko eta arratsaldeko filmen izenak.

Eguna borobiltzeko, 20:30ean hasita, Hator Hator garagardoaren aurkezpena eta dastaketa izango dira Sanagustin kulturgunean. Brew&Roll garagardo marka nafarrak ekoiztu du odolez zipriztindutako garagardo berezi hau, zinema jaialdiari bultzada emateko.

Abenduaren 11ko igande goiza Emakumeak Zinemagintzan mahai inguruarekin hasiko da Sanagustin kulturgunean, 11:00etan. Ondoren, 12:30ean, haurrentzako makillaje tailerra eskainiko dute, kulturgunean bertan. Azkenik, azken odol tantak dastatzeko, igande arratsaldean, 17:00etan, beldurrezko film klasiko baten proiekzioa egingo da Soreasu antzokian.

Gainera, abenduaren 6tik 12ra, Ospel Films ekoiztetxeko proiektuen erakusketa egongo da ikusgai Sanagustin kulturgunean.

Ekitaldietarako sarrerak laster jarriko dira salgai, kulturaz.eus webgunean eta Sanagustin kulturgunean. Datak gerturatu ahala, webgune horretan bertan eta Hator Hator Horror Festen Instagram eta Facebook kontuetan joango gara xehetasunak ematen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide