Salgai daude Hator Hator Horror Festeko film emanaldietarako sarrerak

Erabiltzailearen aurpegia Kulturaz kooperatiba 2021ko aza. 18a, 07:25

Xanti Rodriguezen 'Pasaia' film laburraren grabaketako irudia. (Ospel Films)

Abenduaren 10etik 12ra bitartean, Azpeitian hainbat beldurrezko film ikusteko aukera izango da. Hainbat film emanaldi eskainiko dituzte, baita garagardo dastaketa eta haurrentzako makillaje tailerra ere. Film emanaldietarako sarrerak Kulturaz kooperatibaren webgunean eskura daitezke.

Abenduaren 10etik 12ra bitartean, Azpeitian hainbat beldurrezko film ikusteko aukera izango da, Kulturaz kooperatibak eta Ospel Filmsek antolatutako jaialdiari esker. Jada salgai daude Hator Hator Horror Festen barruan emango dituzten filmen emanaldietarako sarrerak Kulturaz.eus webgunean. Emanaldi bakoitzerako sarrera bost euro ordaindu beharko da, eta Kultur Bonoa dutenek txartel hori baliatu ahal izango dute sarrerak eskuratzeko. Dena den, hogei euroren trukean, jaialdiko film emanaldi guztietarako sarrerak eros daitezke. Gainerako ekitaldiak doakoak izango dira.

Abenduaren 10ean hasiko da jaialdia, 19:00etatik aurrera Soreasu antzokian izango diren Ospel Films ekoiztetxearen Pasaia, Ospel eta Lekaime filmen proiekzioarekin. Xanti Rodriguez azpeitiarrak zuzendutakoak dira hiru film laburrak, eta Pasaia, adibidez, Sitgeseko Beldurrezko Astean estreinatu ostean, Soreasuko pantailan primizian ikusteko aukera izango da. Emanaldia borobiltzeko, ekoiztetxe beraren Lekaime eta Ospel filmak ikusi ahal izango dira. Biek nazioarteko hainbat sari eskuratu dituzte, hurrenez hurren, 2018an eta 2020an estreinatu ostean. Hiru emanaldien ostean, Xanti Rodriguez zuzendariarekin solasean aritzeko aukera izango da.

Hilaren 11n, zapatua, film laburren bi emanaldi egingo dira Soreasu antzokian. Beldurrezko hamar film laburren saio bat eskainiko dute 10:00etan –Post Mortem Mary, Carnívoro, Un minuto eta Lay Them Straight, besteak beste–, eta animaziozko beste hamar film laburren beste saio bat 12:30ean –Homeless home, Loop eta Overrun, besteak beste–. Arratsaldean, berriz, Titane eta Halloween Kills filmak eskainiko dituzte, 16:00etan eta 18:30ean, hurrenez hurren.

Eguna borobiltzeko, gainera, Hator Hator garagardoaren aurkezpena eta dastaketa izango dira Sanagustin kulturgunean, 20:30ean hasita. Brew&Roll Nafarroako garagardo markak ekoiztu du odolez zipriztindutako garagardo berezia, zinema jaialdiari bultzada emateko.

Igandeko ekitaldiak Xanti Rodriguezek eta haren lantaldeak eskainiko duten workshop-arekin abiatuko dira; Sanagustin kulturgunean izango da zita, 11:00etan. Ondoren, 12:30ean, haurrentzako makillaje tailerra eskainiko dute, kulturgunean bertan.

Arratsaldean, berriz, The Thing  (1982) beldurrezko film klasikoa ikusteko aukera izango da, 17:00etan hasita, Soreasu antzokian. Bestalde, abenduaren 6tik 12ra bitartean, Ospel Films ekoiztetxeko proiektuen osatutako artbook-en erakusketa izango da ikusgai Sanagustin kulturgunean.     

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide