Arah musika taldeak Bazen behin izeneko ganbera musika emanaldia eskaini zuen igandean Soreasu antzokian. Izatez, taldea irailean zen emanaldia eskaintzekoa, baina taldekide bat gaixorik zela eta, bertan behera gelditu zen kontzertua orduko hartan.
Euskal kultura josi duten musika obren moldaketak izan ziren emanaldiaren muina. Arah taldeko kideen arabera, tradizioaren elementuak abiapuntu harturik, dantza garaikidearekin eta perkusioarekin fusionatzen da ikuskizuna. "Antzinako kontakizunak eguneratzeari egiten dio erreferentzia Bazen behin-ek. Adierazpen berrien sorkuntzarako elezaharrak norberarengan nola iragazten diren kontuan izanik, mintzamen anitzen aberastasunari ipini nahi dio argia, garaikidetasunari leku bat eskainiz, baina sustraiekiko begirada arduratsua mantenduz".
Emanaldiko irudiak Kulturaz kooperatibaren artxibategi digitalean ikus daitezke.