Musika, inprobisazioa eta jolasa korapilatzen dituzten musikariak dira Amorante eta Los Sara Fontàn. Oihartzunak )))((( Resonàncies proiektuaren baitan batu dira biak ala biak. Azpeitiko Dinamoan, Bergako (Katalunia) Konvent kulturgunean eta Manresako (Katalunia) Sala Stroikan egindako sormen egonaldietan bataren eta bestearen soinuak gurutzatu zituzten. Orain, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean eskainiko dute zuzenekoa –Euskal Herrian aurrenekoz– maiatzaren 6an, 21:00etan. Sarrerak Kulturaz.eus atarian daude eskuragai.
Sormenari, elkar entzuteari, soinu esperimentazioari eta kultur elkarrizketari gonbidapena da Oihartzunak )))((( Resonàncies. Kataluniako eta Euskal Herriko musikarien arteko lankidetza sustatzen du lurralde bakoitzeko espazio banatan: Dinamoa sormen gunean (Azpeitia) eta Konvent espazioan (Berga).
Lehen edizioan, Los Sara Fontan eta Amorante musikariak batu ditu proiektuak. Joan zen urtean bina egonaldi egin zituzten Azpeitiko Dinamoan eta Bergako Konventen. Emaitza Manresako Fira Mediterranea azokan aurkeztu zuten: S0, hango eta hemengo hitzen, soinuen eta doinuen elkarrizketa bizia. Orain, Euskal Herrian batuko dira berriz. Kontzertuak ezohiko formatua izango du: oholtza nagusiaren azpian izango da, 360 graduko eszenaratze berezi batean.
Sara Fontàn biolinistak eta Edu Pou bateria jotzaileak osatzen dute Los Sara Fontán. Fontán biolinistaren soinu klasikoek eta garaikideek eta Pou bateria jotzailearen doinu polierritmikoek osatzen dute taldearen oinarria. Amorante proiektuaren atzean, berriz, Ibon Urizar Elgoibarko musikaria dago. Proiektua "herri musika" bezala definitzen du egileak, eta aspaldiko koplak, flamenkoa edota Afrikako doinu zaharrak oinarri elektronikoekin nahasten ditu.
So ikuskizunak, dudarik gabe, hango eta hemengo jolasa, inprobisazioa eta esperimentazioa izango ditu bidaide. So egin!