Alde anitzetako kultur dinamikan sakontzeko urtea izan da 2022a Kulturaz kooperatibarentzat. Pandemia aurreko kultur ekitaldi kopuruari eusteaz gain, hainbat sormen eta transmisio proiektu garatu ditu Kulturazek. Hezkuntza arloan abiatutako dinamikek garrantzi berezia hartu dute.
Kultur ekitaldiei dagokienez, pandemia aurreko datuetara itzultzea lortu da. 212 kultur ekitaldi egin dira guztira: Sanagustin kulturgunean 123, Soreasu antzokian 69, Dinamoa sormen gunean 6 eta herriko kaleetan 14. Guztira, 44.420 ikus-entzule izan dira ekitaldi horietan. Gainera, kultur diziplinen arteko orekari eutsi zaio. 56 ekitaldi herriko kultur komunitateak sustatutakoak izan dira, 114 herriko gainontzeko eragileek eta 42 Kulturaz kooperatibak.
Ekitaldi guzti horietatik 67tan sarrera ordaindu behar izan da, eta 145 doan izan dira. Agertokira igo diren sortzaileen %93 Euskal Herrikoa izan dira eta %54 herrikoak edo eskualdekoak. Soilik ekitaldien %16 (34 ekitaldi) izan da euskara ez den hizkuntza batean.
Agertokira igo diren pertsonen %54 emakumezkoak izan dira, eta %46 gizonezkoak. Dena den, diziplinen artean alde handia dago. Rock kontzertuetan, adibidez, %12 baino ez dira izan agertokira igotako emakumeak. Sormen eta transmisio proiektuen baitan, berriz, azken urtean Dinamoaren irekierak bultzada eman dio kultur dinamikari.
Kulturazek askotariko sormen eta transmisio proiektuak garatu ditu 2022an (Grafiaz Betea, Hitzaren Eskola, Herriye, Arkupehotsak, Zigi-zaga…), eta hainbat sormen erresidentzia egin dira Dinamoa eta Soreasun. Gainera, hezkuntza formaleko eta ez formaleko eragileekin mediazio eta sentsibilizazio saioak gauzatu ditu.
Kultur eta gizarte eragileekin elkarlana sustatu dira, eta bisita ugari izan ditu Dinamoak. 2022a, gainera, Soinuaren Eremuari ateak irekitzeko urtea izan da. Guztira 2.000 lagunetik gora parte hartu dute sormen eta transmisio dinamiketan.