Giro jatorrean, jendearen parte hartzearekin eta ikuspegi teknikotik haratago ikuspegi kritiko bati bide emanez egin zuten zapatuan, Ia dena: adimen artifiziala sorkuntzan jardunaldia. 50 lagun inguru bildu ziren Dinamoa sormen gunean, eta horiek hainbat adituren hitzartzeez gozatu ahal izan zuten.
10:00etan eman zioten hasiera jardunaldiari, Igor Leturiaren hitzartzearekin. Jarraian etorri ziren Rosa Basagoitirenak eta Martin Etxaurirenak. Atsedenaren ostean, mahainguruaren txanda izan zen, Irati Berasategi, Gorka Azkune, Aitzpea Lezaola eta Iñigo Martinez Peña hizlariekin. Adimen artifiziala ikuspegi ezberdinetatik lantzeko aukera eman zuen goizak, zientziatik, antropologiatik eta filosofiatik, besteak beste. Adimen artifizialaren gaitasunak aztertu eta horiek zalantzan jartzeko aukerarik ere izan zen.
Arratsaldeko saiorako hitzordua Soreasu antzokian izan zen. Gaizka Izagirrek adimen artifizialaren gaia landuz sortu diren hainbat filmen eta telesailen inguruko erreferentziak eskaini zituen, lehenik. Jarraian, Her filma ikusteko aukera izan zuten hara joandakoek, eta horrekin eman zioten bukaera jardunaldien barruko egitarauari.