Lady Banana taldearen kontzertuarekin emango zaie hasiera hilabete honetako emanaldiei bihar, ostirala. Sanagustin kulturgunean izango da kontzertua, arkupeko eszenatoki txikian, 22.00etan hasita. Larunbatean, berriz, León Benavente izango dugu kulturguneko eszenatoki handian. Sarrera guztiak agortuta daude kontzertu horretarako. Igandean, astea amaitzeko, Inauterietako Kontzertua eskainiko dute herriko lau taldek elkarlanean: Udal Musika Bandak, Juan Antxieta musika eskolak, Julian Barrenetxea abesbatzak eta Azpeitiko Argazkilari Elkarteak, hain zuzen.
Inauteriek dakarten etena eta gero, Kerobia eta Janus Lester taldeak izango ditugu otsailaren 16an, ostiralez, Sanagustin kulturgunean. Asteburu horretan bertan, igandean, Paz de Ziganda Helduen Abesbatzako kideek Abestu gure Queen, Queen talde mitikoaren abestiz osatutako kontzertu korala eskainiko digute Soreasu antzokian.
Hileko azken asteburua ere ekitaldiz beteta izango dugu. Otsailaren 23an Dantzalekuk, areto dantza zaleen topagune den ekitaldiak, salsa, bachata, cha-cha-cha eta antzeko erritmoekin girotuko du Sanagustin. Larunbatean, hilak 24, Habi talde villabonarra eta Cala Vento kataluniarra izango ditugu kulturgunean. Igandean, Arkupehotsak egitasmoaren barruan, 2024an antolatutako lehen kontzertua eskainiko digu Xabier Badiola eibartar musikari gazteak.
Ekitaldi horietaz gain, Bulego taldeak egonaldia gauzatuko du otsailaren 12tik 25era Dinamoa sormen gunean. Altxatunek antolatuta, Soinu sistemen diseinu eta optimizazio tailerra izango da otsailaren 19an Soreasu antzokian. Eta azkenik, hilabetea amaitzeko, Grafiaz Betearen bigarren edizioaren laugarren saioa izango dugu Nagore Legarreta argazkilariarekin, Dinamoa sormen gunean.
Gauza horiek guztiez gain, asteroko zine emanaldiak ere izango dira Soreasu antzokian
Informazio osoagoa, betiko moduan, kulturaz.eus webgunean.