Doi, sormenari irekiko zaion leihoa

Erabiltzailearen aurpegia Kulturaz kooperatiba 2024ko ots. 15a, 09:06

Kulturaz kultur kooperatibak, sormena babesteko eta sortzaileen lana ikustera emateko ahaleginean, Doi erakusketa programa jarri du abian.

Gure jardunetik eta gure lan egiteko modutik gertu sentitzen ditugun artistak hautatu eta euren lana erakusteko babesa eskaini asmoz jaio da ekimen hau, azken urteotan Azpeitian, eta batez ere Dinamoaren ingurumarian hazten joan den jendeak bere lana modu egokian erakusteko aukera izan dezan. Sormen jardunaren zirkulua itxi eta komunitatea elikatzen jarraitzea da kontua.

Eta komunitatea diogunean, uhin kontzentrikoetan hedatzen den jende taldea dugu gogoan, eta bada gure gogoa sormenari ikusgarritasun gehiago ematea, herritarrek eta nahi duen orok beste gauza batzuk ikusteko aukera izatea, sormen lanarekin beste era bateko harremana ahalbidetzea, eta bide batez, Dinamoa sormen guneko jarduna ezagutzera ematea.

Doi 01: Jonathan Escapa Etxaniz

Jonathan Escapa Etxanizek Azpeitiko Udalaren sorkuntza beka jaso zuen 2022an, Dinamoa sormen gunean egin zuen habia lanerako, orduak eta orduak sartu ditu, eta harrezkero etxeko egin zaigu, baina ez dugu etxekotu, ez dugu domestikatu nahi izan. Nahita ere ez genukeen lortuko.

2023ko udazkenean sormen egonaldia egin zuen, JAIn (Jardun Artistikoentzako Institutua) ibili ostean, eta ikusi genuen bere lana aldatzen ari zela; mantentzen zituela ezaugarri batzuk, bazeukala edertasunari neurria hartu nahi bat, baina aldi berean zabaltzen eta aberasten ari zela bere lan egiteko modua. Hazten ari zela iritzi genion, lorategi bat hazten den bezala, espanturik gabe.

Lorategiei buruzko liburuez hitz egin dugu, Derek Jarman, Gilles Clement, eta aintzat hartzen dituen artistei buruz, nola ez, eta musikako erreferentziez, arropaz, zertaz ez. Ia dena egiten zaio bere lanean era batera edo bestera sartzeko modukoa: mundua iragazi eta onena hartuko balu bezala da.

Literaturaz ere asko mintzatu gara, eta Joseph Brodskyren aipu bat hautatu du Final Fantasy Love erakusketako testuaren abiaburu:

"Gure ondoren, gure lekuan antzeko gauzaren bat azalduko da, ezagutu gaituztenei izua eragingo diena. Nahiz eta ez diren asko izango oroitzen gaituztenak. [...] Lorategi bat dago hemen haientzat; bai, lorategi bat". (Joseph Brodsky)

Jonathanenak bereak dira hurrengoak: "Odola bultzatzen duen maitasuna, basatia eta legerik gabea. Bizitza bor-bor barruan, hantura moduan. Izurren igurtziak erdi lo dagoen azala esnatzen du. Oihaneko txara itxiak azpian harrapatu ditu gorputzak, babes mintza bailitzan. Arima horien magia, mugak hausten, edertasunaren neurriak asmatzen berriz. Zelai zabal baten gisan hedatzen da, udaberri-lore bizi-biziz betea. Gainezka eginez. Hain daude ohituta utzitako lorategietan bizitzen, nor sentitzea miraria baita".

Horra artistaren nahia, ezin argiago: bestek utzitako lorategian bizi baino, nork berea aldatu, norbera sentitu, nor izan.

Jonathan Escapa Etxanizek aldatu duen lorategia bi lekutan egongo da ikusgai:

Irekiera bihar, otsailaren 16a, egingo dugu, 18:00etan. Martxoaren 3ra arte egongo da irekita, hau barne, egun eta ordu hauetan:

  • Astelehenetik ostiralera: 18:00-20:00
  • Larunbat eta igandeetan: 12:00-14:00

Udaberria amaitu bitarte Pello Ulazia eta Irati Antiaren obrak ezagutzeko aukera ere izango dugu aipatutako espazioetan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide