Bakarrizketak, trikiti jaialdia, zinema eta kontzertuak, joan den asteburuko egitarauan

Erabiltzailearen aurpegia Kulturaz kooperatiba 2024ko mar. 18a, 16:40

Ostiral arratsldean Laura Penagosen Putaren bakarrizketa eroetxean antzerkiarekin hasi zen asteburuko egitaraua. Jarraian etorri ziren Nikotina eta Raimundo el Canastero taldeen kontzertuak, Sanjosetako Trikiti Jaialdia eta euskarazko zine emanaldiak. Negu hurbilak euskal film estrenatu berria ikusteaz gain,  zuzendariekin solasteko aukera izan zuten Soreasura gerturatu zirenek. 

Dinamoa sormen gunean eta Sanagustin kulturgunean izan ziren ostiraleko emanaldiak. Putaren bakarrizketa eroetxean antzerkia eskaini zigun Laura Penagos aktoreak, joan den urtean Dinamoan bertan ondutako emanaldia. Gauean, Raimundo el Canastero talde nafarra eta Nikotina tolosarrak izan genituen Sanagustin kulturgunean, bertaratutako guztiak dantzan jarriz. 

Larunbat arratsaldean trikitizaleek Soreasu antzokia bete zuten, beste urte batez, Sanjosetako Trikiti Jaialdiarekin.

Igandean, zine emanaldien eta bigarren bakarrizketa baten txanda izan zen. Arratsaldeko lehen orduan, Museoaren zaindariak animaziozko filma proiektatu zen euskaraz. 19.00etan, Julen Axperen Furgonologo bakarrizketa entzuteko parada izan zen Sanagustin kulturgunean. Arratsaldeko azken orduan, berriz, Negu hurbilak euskal film estrenatu berria proiektatu zen Soreasu antzokian, eta proiekzioaren amaieran Mikel Ibarguren eta Ekain Albite zuzendariekin solasaldia izan zen bertan. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide