Ostegun arratsaldean Dena asmatuta dago film laburra aurkeztu zigun Jone Arriola zuzendariak Dinamoan, eta proiekzioaren ondoren solasaldia eskaini zuen bertan Xanti Agirrezabala eta Jon Ander Urresti aktoreekin. Atzo, igande arratsaldez, berriro ikusi ahal izan genuen filma Laburbiraren barruan, beste zazpi film laburren konpainian.
Ostiral arratsaldean, berriz, DOI erakusketa programaren bigarren erakusketak ateak zabaldu zituen. Pello Ulazia artista izan genuen irekiera ekitaldian, bere obraren ingurukoak joan zirenekin konpartitzen. Kartoia, papera, guraizeak erakusketa ikusgai dago Foru Ibilbideko udal erakusketa aretoan zein Sanagustin kulturgunean, maiatzaren 5a bitarte.
Ostiral gauean TOC talde gazte mungiarrarekin eta Leihotikan iruindar beteranoekin izan genuen hitzordua. Adin ezberdinetako publikoa gogotsu izan zen bi tadeen kontzertuetaz gozatzeko.
Larunbatean, berriz, Neomak taldea izan zen Soreasu antzokian. Sarrera guztiak salduak ziren larunbaterako, eta taldeak aretoetarako sortutako emanaldiarekin gozarazi zien bertaratutakoei.
Asteburuko emanaldien argazkiak ikusi nahi izanez gero, Kulturazen Artxibategi Digitalean duzue aukera.