Ekaineko lehen astea indartsu dator kultur eskaintzei dagokienez. Asteazkenean, Antxieta musika eskolako ikasleek Udaberriko Kontzertuak egitarauaren barruan saioa eskainiko dute Sanagustin kulturgunean. Ostegunean, ekainak 6, Trikigiro elkarteak Errautsak hauspotzen bideografiak eta liburua aurkeztuko ditu Soreasu antzokian, 21:00etan hasita. Ostiralean, ekainak 7, DOI erakusketa programaren barruan, Irati Antiaren Azukre beltza lanaren aurkezpena izango da Foru Ibilbideko erakusketa aretoan; ondoren, bi aste luzez, bertan ikusgai egongo da Antiaren obra.
Ekainaren 7an eta 8an Gorka Urbizuk kontzertuak eskainiko ditu Sanagustinen (22:00), Hasiera bat bakarkao lehen lanaren aurkezpen biraren barruan. Larunbateko kontzertua baino ordu erdi lehenago, Eneko Lamothe bakarlaria jardungo da kantari; eta Urbizuren kontzertua amaitu ondoren, Elepunto DJak gaua girotuko du dantzarako gogoz izango diren horientzat. Igandean, berriz, ekainak 9, Idoia Asurmendi musikari gaztearen txanda izango da; bere azken lana taularatuko du, De amar y desandar, Soreasun, kasu horretan.
Ekainaren 16an, igandea, herriko antzezle gazteenak izango dira protagonista. Xanti Agirrezabalak eta Alaitz Olaizolak dinamitzatzen dituzten Gaztetxoeen Antzerki Tailerretako kideen emanaldiak izango dira Sanagustin kulturgunean, 11:00etan hasita.
Ekaina amaitzeko, hilaren 29an, Azpeitia Dantzan egitasmoaren barruan, Luix Beltzaren dantza ikasleek eta Antxieta musika eskolako kideek emanaldia eskainiko dute Soreasun.
Agenda osorik ikusteko aukera kulturaz.eus orrialdean duzue.