Dagoeneko zabalik dago sormen egonaldien bigarren deialdian izena emateko aukera. Azpeitiko Kulturaz kooperatibatik denbora daramagu sormen egonaldiak gauzatzeko deialdiak zabaltzen, arte-disziplina ezberdinetan lanean dabiltzan artistei eskua artean dituzten proiektuak garatzeko aterpea, babesa eta bitartekoak eskaintzeko helburuarekin. Hori horrela, Dinamoa sormen gunean edota Soreasu antzokian sormen egonaldia egin nahi dutenek hilaren 15era arte dute izena emateko aukera, eta uztailaren 19an jakinaraziko da onartuen zerrenda.
Hiru egonaldi mota daude aukeran bigarren deialdi honetan ere: #Harri, egonaldi osoa; #Orri, sinplea eta #Ar, antzerkia. Formulario hau bete behar dute #Harri egonaldia egiteko eskaera aurkeztu nahi dutenek; ondorengo hau #Orri egonaldia egin nahi dutenek eta honakoa #Ar egonaldia burutu nahi dutenek. Hiru egonaldien inguruko informazio guztia dinamoa.eus webgunean ere topatu daiteke. Deialdien inguruko oinarriak, berriz, hemen irakur daitezke.
Artistak, lanean
2024ko lehen deialdian onartu ziren artistak lanean dabiltza egonaldietara egokitutako espazio hauetan. Esaterako, aste honetan, Aiala Etxegarai dantzaria izan dugu Dinamoa sormen guneko gorputzaren eremuan, Maddi Zumalabe irudiaren eremuan eta Artedramako lantaldea Soreasu Antzokian, Miñan antzezlan berria prestatzen.
Egonaldiak gauzatu dituztenen argazki galeriak ikus daitezke honako lotura honetan.