Aurten ere izango da magiaz gozatzeko aukera Azpeitian, irailaren azken asteburuan egingo baitute Txisteratik magia jaialdia herrian. Urtero moduan, aurtengo edizioak ere badu bere aurkezpen spota.
Zortzigarren edizioan ere hutsik egin gabe aterako dute magia kalera, baina gertuko magiak pisu bikoitza izango du aurtengo egitarauan: ostiralean, jaialdia hasteko, gertuko magiaren gala egingo baitute Dinamoan. 18:00etan hasita, lau magoren ikuskizuna bertatik bertara jarraitu ahal izango dute Dinamoan elkartzen direnek. Julen Magoak gidatutako saioan, Euskal Herriko Xabi Magoa eta Maria Arandia magoek eta Rubi Ferez eta Juan Capilla espainiarrek parte hartuko dute gertuko magiaren galan. Ferez eta Capilla dira, hain zuzen ere, Txisteratiken zortzigarren aldiko gonbidatu bereziak edo izar nagusiak.
Horrez gain, aurreko urteetan bezala, Soreasu antzokian egingo dute gala nagusia, irailaren 28an, 19:00etan. Iagomago, Eneko Gutierrez eta Potx Magoa ere igoko dira Soreasuko oholtzara, Ferezekin eta Capillarekin batera.
Bai gertuko magiaren gala ikusteko, bai gala nagusirako sarrerak dagoeneko eskuragarri jarri dituzte Interneten, kulturaz.eus webgunean; 8 eurotan salduko dituzte hilaren 27ko emanaldikoak, eta 10 eurotan gala nagusikoak.
Halaber, aurtengo Txisteratik jaialdiak izango du beste osagai bat, egitarau nagusiaren atarian, magia gosea pizteko. Lehen aldiz, argazki erakusketa jarriko dute Sanagustin kulturgunean, aurreko urteetako edizioetako irudi ikusgarrienak bilduta. Erakusketa horren data zehazteke dute oraindik, baina Txisteratik beraren aurretik izango da.