Hitzekin jolasean Txinaurriak proiektuan

Erabiltzailearen aurpegia Kulturaz kooperatiba

Txinaurriak proiektuko parte hartzaileak idazmen txokoan. (Kulturaz.eus)

Hitzak entzuteko, idazteko, irakurtzeko eta mintzatzeko aukera izan dute Txinaurriak proiektuko ikasleek.

Hitza, euskara hitz egina, paperera eramaten dena, entzuna dena edo hots bihurtzen dena.

Zaila da hitza bera eremu bakar batera mugatzea, hitzaren artea ez baita esan nahi den horretara mugatzen. Egunero erabiltzen dugunez, ahaztu egiten zaigu batzuetan hitzak egiten gaituela, hitzak ere ekintzak direla, poza ematen dutela, eta mina. Hitzaren ahalaz kontzientzia hartzea da helburua hemen, jolasaren bitartez. Hizkuntza bat ondo erabiltzeko lau gauza egin behar dira ondo: entzun (eta ulertu), irakurri (eta ulertu), idatzi (uler gaitzaten) eta hitz egin (uler gaitzaten). Lau gaitasun horiek landu ditugu Txinaurriakeko hitzaren saio hauetan. Ikasleak hiru txokotan banatu ziren idazmena, entzumena eta ahozko gaitasuna lantzeko asmotan.

Jolas eginez hasi zuten goiza hizki-zopa egiten. Hitzak bilatu, ulertu eta testu bat osatzea zen beraien erronka.

Hitzek kantu forma hartu zuten momentua ere iritsi zen. Entzumenaren txokoan abestien letrak osatu behar zituzten, eta belarriak adi izateaz gain, hitzok abesteko aukera ere izan zuten.

Azkenik, ahozko gaitasuna lantzeko dinamika egin zuten Dixit mahai-jolasa abiapuntu hartuta. Esku artean zuten karta definitzeko irudimena landu eta hitz egokiak erabiltzea izan zen jokoaren xedea. Joko horri esker, batzuen hitzek lagundu zieten beste batzuen begiek ikusten ez zutena ulertzen.

Kultur sormena hezkuntzan lantzeko esperientziak sortzea du helburu Txinaurriak proiektuak. Hitzaren eremuko saio hauek amaituta, hurrengo geldialdia gorputzaren eremuan egingo dute ikasleek.

Txinaurriak proiektuaren argazki galeria hemen ikus daiteke.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide