Gutuna

Bihotza zen Xabier

Erabiltzailearen aurpegia Kulturaz kooperatiba 2025ko urr. 7a, 16:15

Kulturaz kooperatibako lankideek hil berri den Xabier Aranbarriri eskaini dioten agurreko mezua da hau. "Eskerrik asko, Xabier".

Bada ba organo hori, zertarako ari den galdetzeke, ez baitauka galdetu beharrik jakiteko, inoren esker onak espero gabe, ez baita ari inoren esker onak jasotzeko, punpatu eta punpatu ari dena etengabe, eman eta eman, gorputza lo dagoenean ere ez dena geratzen, ez dena geratzen ezertarako, beti eman eta eman, ez duena atsedenik eskatzen, aurrera eta aurrera egiten duena zailtasunik zailenen aurrean ere, ba hori zen Xabier.

Zer egin behar dugu orain bihotzik gabe?

Gu eskuak ginen, gu ahoa ginen, gu begiak ginen, belarriak, oinak, hatzak, irribarreak, adimen kolektiboaren aginduetara lanean, askotan geure kasa, bakoitza bere intuiziotik, makurretatik ere bai, ez genuen beti asmatzen, baina bihotzak punpatzen jarraitzen zuen, ondo ari ginela, aurrera egingo genuela, eman eta eman, eman eta eman.

Nola itzuliko dizugu eman diguzun guztia?

Ez zenuen eman itzultzeko, ordea. Bihotza zinen. Horixe egin behar zenuela sinetsita zeunden, horixe behar zuela kooperatibak, eta batez ere, horixe behar zuela herriak. Ze, ez gaitezen tronpa, gu herria gara eta herriarentzat egiten dugu lana. Izan bihotza, izan ornoa, izan atxikarra. Izan egunsentia, bazkalondoa edo ilunabarra. Gu herria gara.

Eta bihotzak ondo daki, herria ez da gauza zoragarria, jendea ez da tolesgabea; ez gara beti onak: utziak, mainatiak, jeloskorrak, geurekoiak gara. Batzuetan zekenak gara, batzuetan harroak gara, batzuetan nazkagarriak gara. Baina ez beti, eta jendetasunak irabazten duenean, elkartasunak gidatzen dituenean gure pausoak, maitasunak lotzen gaituenean, herria ederra da. Ondotxo daki bihotzak, eta bihotzak beti punpatzen du, zatar ala eder, alai ala zeken, eta zu bihotza zinen.

Zer egingo dugu orain bihotzik gabe?

Ba zerbait ikasi badugu zuregandik, bihotza izaten asmatu beharko dugu orain. Ez zaigu besterik geratzen. Hartu buruaren b-a, hartu irribarrearen i-a, hezurren h-a, orpoaren o-a, toraxaren t-a, zainen z eta ahoaren a, eta bihotza osatu beharko dugu. Ez da izango zurea bezain handia eta indartsua, baina ez zaigu besterik geratzen.

Horixe izango da eskerrak emateko modurik onena.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide