Benetako magoen pare, ikuskizun batekin amaitu dituzte haurrek Sorginorratzak ekimeneko magia saioak

Erabiltzailearen aurpegia Kulturaz kooperatiba 2025ko urr. 28a, 13:03

Iagomagoren gidaritzapean, hilabetez aritu dira Sorginorratzak ekimeneko gaztetxoak trikimailuak ikasten. Behin magia saioak amaituta, zirku tailerren txanda izango da.

Gorputzaren eremuko tailerrekin hasi zuten sorginorratzek ikasturtea. Urrian, astean behin, ordubeteko lau saio magiari eskaini dizkiete Sorginorratzak ekimenean parte hartu duten hainbat lagunek. Iago Azkueren (Iagomago) gidaritzapean, 27 haurrek eta gaztek errealitatetik pixka bat aldentzeko aukera izan dute; besteak beste, magiak ilusioa pizteko duen gaitasuna esploratu dute horiek guztiek. Azkenean, sentsazioek eta emozioek trikimailuetan izan dezaketen botereaz jabetu dira.

Jolasa izan da protagonista Sorginorratzak ekimeneko saioetan. Magiaren inguruan hausnartu dute, hala nola  er modalitate dauden eta zer arau dituen, baina, era berean, ikasi dute magia egiten ere. Saio bakoitzean trikimailu ezberdinak pausoz pauso irakatsi dizkie Iagomagok. Horiek gero etxean praktikan jartzea izan da parte hartzaileen erronka nagusia.

Taldeak osatu, oholtza antolatu, musika aukeratu, trikimailuak errepasatu eta prestaketa lanak egin ondoren, iritsi zen emanaldiaren unea. Hainbat lagun eta parte hartzaileen senideak elkartu ziren Dinamoa sormen gunean Sorginorratzak magia gala ikusteko asmoz. Aurkezle eta guzti, gaztetxoak benetako magoen pare aritu ziren oholtza gainean.

Honako lotura honetan ikus daitezke Sorginorrratzak ekimeneko magia saioetan egindakoak, irudietan.

Lekukoa zirkuari

Behin magia saioak amaituta, gorputzarekin sortzen jarraituko dute haurrek, eta hori dela eta, bihartik aurrera zirkuak hartuko dio lekukoa magiari. Urriaren 29tik azaroaren 19ra bitartean, zirkuaren modalitate ezberdinak ezagutzeko aukera izango dute haurrek eta gazteek, Ekain Ibarguren pailazoaren eskutik.

Sorginorratzak ekimenaren bidez Kultur sormen praktikekin gazteengana iritsi nahi du Kulturaz kooperatibak ikastetxeetan eskaintzen zaien hezkuntza eskaintza osatzeko eta aberasteko. Proiektuaren inguruko xehetasun guztiak hemen ezagutu daitezke. Jarrai dezagun esperimentatzen, ikasten, jolasten eta elkarbanatzen!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide