2025ean 176 ekitaldi kudeatu dira Sanagustin kulturgunean, Soreasu antzokian eta Dinamoa sormen gunean. Horietan diziplina ezberdinak landu dira, eta guztira, 33.990 ikus-entzulek parte hartu dute.
Kultura osotasunean: 176 kultur ekitaldi; 33.990 ikus-entzule
Agertokira igo diren sortzaileetatik %52a Euskal Herrikoa izan da eta horietatik %39a herrikoa edo eskualdekoa. Hizkuntzari dagokionez, ekitaldien %78a euskaraz izan da, %4a hizkuntzarik gabea eta %18a euskara ez den beste hizkuntza batean. Ekitaldien %38a kooperatibak sustatu du; gainontzekoak herriko kultur talde zein bestelako eragileek bultzatutakoak izan dira.
25 sorkuntza proiektu babestuta
Asko izan dira Dinamoa sormen gunetik igaro diren sortzaileak. Horiek hitzaren, irudiaren, gorputzaren eta soinuaren eremuetan landu dituzte proiektuak. Guretzat ezinbestekoa da sortzaileei baliabideak eskaintzea eta bidea egiten laguntzea. Helburu horri eutsiz, Azpeitiko Udalak antolatutako sorkuntza bekei babesa eman diegu eta geure kabuz hainbat sormen egonaldi sortu ditugu. Guztira, 25 sorkuntza proiektu babesteko aukera izan dugu.
Ekitaldien programazio oparo bat eskaintzeaz haratago, beharrezkoa dugu proiektuen lan ildo sendo bat martxan izatea. 2025ean, proiektu horiek indartzeko lan berezia egin dugu eta esan dezakegu transmisioaren alorrean emaitza oso positiboak izan ditugula. Hitzari, irudiari, gorputzari eta soinuari lotutako 11 tailer eta hiru ikastaro egin ditugu; besteak beste, Grafiaz Betea, antzerki sormen laborategia, txotxongilo eta zirku tailerrak, jam saioak eta dantza garaikideko hastapenak bezalako ekimenek izan dute lekua Dinamoa sormen gunean. Proiektu horiei esker, adin, familia nahiz interes ezberdinetako sortzaileak bildu ditugu. Beste behin, kultura herriarengana gerturatu eta komunitatea indartzeko asmoari eutsi diogu.
Horrez gain, mediazio edo bitartekaritza proiektuak egonkortzeko urtea izan da 2025a. Gure asmoa balio hezitzaileak dituen kultura eraldatzailea sustatzea izan da. Horregatik, gazte aktiboak, kulturzaleak, parte hartzaileak, kritikoak eta sortzaileak hezteko egitasmoak garatu ditugu. 2025ean Sorginorratzak deituriko bitartekaritza proiektua martxan jarri dugu, eta bertan, 25 umek hitzaren, irudiaren, gorputzaren eta soinuaren bueltan tailerrak egin dituzte. Hori gutxi balitz, 2022an martxan jarri genuen Txinaurriak proiektuarekin ere lanean gabiltza; horren barruan, herriko ikasle guztiek lau eremuetan esperientzia bat bizitzeko aukera izan dute.
2025eko jarduna aurrera ateratzea posible izan da hainbat sustatzailerekin izan dugun elkarlanari esker. 30 kultur eta gizarte eragilerekin indarrak batuta lan egin dugu. Horren adibide dira Berriarekin elkarlanea dugun Hizlandia proiektua edo Azpeitiko Udalarekin bat egiten dugun Doi erakusketa programa.
Euskal filmen estreinaldiak Soreasun
Zinemak ere izan du lekua gure egitarauan. Zalantzarik gabe, 2025ean zinema aretoetan ikusi ahal izan diren euskal filmen estreinaldi guztiak ikusteko aukera izan dugu Soreasu antzokian. Haurrei zein helduei zuzendutako 45 film izan ditugu, eta 6.537 ikus-entzulek gozatu ahal izan dute emankizun horietaz. Kartelerako film garrantzitsuenak ekartzen saiatu gara, arreta berezia jarri dugu euskarazko produkzioetan eta saiakera berezia egin dugu programatutako zinema euskaraz izateko.
2025ean asko eman eta jaso dugu. Kultura bizitzeko aukera zabalak eskaini ditugu eta sortutako dinamikekin komunitatea saretu dugu. 46.433 izan dira 2025ak bildu dituen kultur esperientziak. Eskerrik asko, kulturzale. Etorkizunari gogotsu begiratzen diogu eta indarrekin hartuko dugu 2026a.