Sorginorratzak egitasmoko gaztetxoak, soinuaren eremuko tailerretan

Erabiltzailearen aurpegia Kulturaz kooperatiba 2026ko urtarrilaren 30a

Bi hilabetez, melodiaren eta soinuaren propietateak ikasteko eta erritmo ezberdinekin jolasteko aukera izan dute Sorginorratzak egitasmoko gaztetxoek Dinamoan. Herenegun izan zuten soinuaren eremuko azken saioa. Hitzaren eremuan egingo dute hurrengo geldialdia.

Belarriak findu, melodia ezberdinak ezagutu eta soinuan barrena murgiltzeko aukera izan dute Sorginorratzek oraingoan.

Azaroaren 26tik urtarrilaren 28ra, astean behin, guztira ordubeteko zortzi saio eskaini dizkiote soinuari. Horietatik lautan Izan DJ tailerra landu dute; Elba Azpillaga musikari zestoarra izan dute bidelagun. Gainontzeko lau saioak, berriz, Joseba Beristain konpositore azkoitiarrak gidatu ditu, Soinu paisaiak deituriko tailerrean.

Izan DJ

Izan DJ tailerrarekin hasi ziren sorginorratzak soinua lantzen. Erritmoa eta musika estilo ezberdinak ulertzen irakatsi zien Azpillagak. Umeek erritmogramaren kateak eta geruzak jolasaren bitartez landu zituzten. Tempoaz aritu ziren, eta gorputzarekin erritmoak sortzeko aukera ere izan zuten.

Tailerra borobiltzeko, taldetan banatuta, benetako DJ baten moduko soinu pieza txikiak sortu behar izan zituzten.

Soinu paisaiak

DJ abileziak landuta, Soinu paisaiak sortzeko momentua iritsi zen. Jolastu, ikasi eta benetako musikari izateko aukera izan zuten, Beristainek gidatutako lau saioetan.

Soinuaren propietateak ulertu eta musikograma propioa sortzea izan da tailer horren helburua. Etxetik ekarritako hainbat materialekin intentsitateak, frekuentziak, iraupenak eta tinbreak ezberdintzen ikasi zuten gaztetxoek tailerrean. Hori gutxi balitz, musika instrumentuak ere sortu zituzten.

Soinuaren saioekin amaitzeko, musikograma propioak egin eta gurasoen aurrean interpretatzeko momentua iritsi zitzaien sorginorratzei.

Hurrengo geltokia: hitzaren mundua

Behin soinuaren eremuko saioak amaituta, hitzaren munduan murgilduko dira gaztetxoak. Otsailaren 4tik 25era ipuingintza landuko dute, eta martxoaren 4tik 25era bertsolaritza. Asteazkenero eskainiko dira tailerrak, Dinamoa sormen gunean.

Sorginorratzak egitasmoaren bidez, kultur sormen praktikekin gure gazteengana iritsi nahi dugu, ikastetxeetan eskaintzen zaien hezkuntza eskaintza osatzeko eta aberasteko. Proiektuaren inguruko xehetasun guztiak hemen aurkituko dituzu.

Jarrai dezagun esperimentatzen, ikasten, jolasten eta elkarbanatzen!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide