Elkarlanerako hitzarmena sinatu dute Kulturaz kooperatibak eta HUHEZI fakultateak

Erabiltzailearen aurpegia Kulturaz kooperatiba 2026ko otsailaren 20a

Nagore Ipiña eta Eñaut Frantsesena atzoko sinadura ekitaldian. (Kulturaz)

Bi erakundeen arteko elkarlanari oinarria jartzeko egin dute akordioa, eta xedea da formazioan, ikerketan eta euskal kulturan nahiz kultur eta sormen industrien sektorean eragitea. Atzo sinatu zuten hitzarmena Kulturaz kooperatibako lehendakari Eñaut Frantsesenak eta Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateko dekano Nagore Ipiñak.

Elkarlanerako hitzarmena sinatu dute Kulturaz Azpeitiko kultur
kooperatibak eta Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien (HUHEZI) fakultateak. Aretxabaletako campusean egindako sinadura ekitaldian izan ziren atzo Eñaut Frantsesena Kulturazeko lehendakaria eta Nagore Ipiña HUHEZIko dekanoa.

Erakunde bien arteko elkarlanari oinarria jartzea da hitzarmenaren helburua, eta xedea da, hortik abiatuta, formazioan, ikerketan eta euskal kulturan nahiz kultur eta sormen industrien sektorean eragitea. Sinatutako hitzarmenak erakunde bien arteko elkarlana gauzatzea aurreikusten du HUHEZIk martxan jarri berri duen Kultur eta Sormen Industriak graduan zein hirugarren edizioa martxan den Euskal Kulturaren Eragiletza masterrean. Horrez gain, graduko zein masterreko ikasleek aukera izango dute lan praktikak eta gradu zein master bukaerako lanak Kulturazen egiteko.

Halaber, erakundeek adostu dute haien intereseko gaiei lotutako ikerketetan, formazio saioetan eta sortu daitezkeen beste proiektu batzuetan elkarlanean aritzea. Gainera, hitzarmenean jasota dago bi erakundeei interesatzen zaiela beren lankidetza harremanak finkatzea.

Eñaut Frantsesena Kulturazeko lehendakariak adierazi duenez, hitzarmenak lagunduko du etorkizuneko kultur arloko profesionalekin harremanak sortzen. Hark dioenez, gainera, halako elkarlanak "ezinbestekoak" dira ikasleen ikaskuntza prozesua sendotzeko eta esperientziak partekatzeko. HUHEZIko dekanoak, Nagore Ipiñak, uste du "aberasgarria eta ezinbestekoa" dela graduko nahiz masterreko ikasleek kultur eta sormen industrietako eragileekin harremana izatea. Hark dioenez, hitzarmenak balioko du hainbat gauzatarako: "Ikasleek kultur eta sormen industrietako profesionalak eta egiturak ezagutzeko modua izango da batetik, eta bestetik, euskal kulturak dituen erronkez elkarlanean pentsatzeko aukera ere bai".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide