Kulturaz kooperatibak hamabost urteko ibilbidea ospatuko du aurten

Erabiltzailearen aurpegia Kulturaz kooperatiba 2026ko otsailaren 24a

Hainbat herritar Sanagustin kulturgunearen irekiera ekitaldian.

Sanagustin kulturgunearen irekierarekin hasi zen amets hura, gaur egun hiru espazio eta 25 langiletik gora dituen proiektu bihurtu da. Herri ekimenetik sortua, ikusgarritasuna, sormena eta transmisioa ardatz dituen kudeaketa eredu propioa finkatu du kooperatibak.

Duela hamabost urte, Azpeitiko kultur mugimenduak hutsune batzuk atzeman eta horiei erantzuteko erronkari heldu zion. Gaur, atzera begiratuta, Kulturaz kultur kooperatibak erakutsi du herri ekimenetik eta lankidetzatik abiatuta kultura kudeatzeko modu propio eta arrakastatsua eraiki daitekeela. Sanagustin kulturguneak ateak ireki zituenean erein zen hazia, gaur egun herriko hiru azpiegitura nagusiak biltzen dituen proiektu integrala bihurtu da.

  • 2011. Kulturaz kooperatibak Sanagustin kulturgunearen kudeaketa hartu zuen. 
  • 2014. Soreasu antzokiaren kudeaketa.
  • 2021. Dinamoa sormen gunearen irekiera.
  • 2026. Hamabosgarren urteurrena: hiru espazio, 25 langiletik gora eta kulturaren lanketa integrala.

Proiektua Azpeitiko Kultur Mahaiaren eskutik jaio zen. Helburua garbia zen: Sanagustin kulturgune dinamiko, parte hartzaile eta zabala izatea, herriko taldeen plaza eta kanpoko eragileen topagune. Hasierako ilusio hark bidea urratu zuen eta 2014an beste jauzi estrategiko bat eman zen: Soreasu antzokiaren kudeaketa hartzea.

Sormenerako gune baten beharra

2016an hasi zen forma hartzen Dinamoa sormen gunea, hasieran hitzaren eremuarekin eta, 2019tik aurrera, irudia, gorputza eta soinua ere barnebilduz. 2021ean sormen gunearen irekiera ofizialarekin, zirkulua itxi egin zen: Sanagustin (plaza), Soreasu (antzokia) eta Dinamoa (laborategia).

Urte hartan bertan, Azpeitiko Udalak eta kooperatibak lankidetza hitzarmena sinatu zuten, hiru guneen kudeaketa bermatzeko.

Beste 15 urtez euskal kultura, euskaraz egiten eta sortzen dena, bultzatzeko eta indartzeko lanean jarraituko dugu. Urteurren borobil honetan, kooperatibak eskerrak eman nahi dizkie ibilbide guzti honetan bidelagun izan dituen sortzaile eta kulturzaleei, beraiek egiten baitute Kulturaz posible. Datozen urteetan sarea osatzen jarraitu nahi dugu, kulturzale berriak proiektura batzera gonbidatuz.

2026a berezia da guretzat, orain arteko ibilbidea ospatzeko hainbat ekitaldi prestatzen gabiltza, kultur taldeen, norbanakoen eta erakundeen arteko elkarlana eta konpromisoa erdigunean jarri nahi dugu. 15 urtetan ikasitakoarekin, ikusgarritasunari, sormenari eta transmisioari bidea zabaltzen jarraitzeko prest gaude, denon artean kulturari bere lekua egiten jarraitzeko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide