Sara Zozaiarekin estreinatu da 'Murmur' podcasta

Erabiltzailearen aurpegia Kulturaz kooperatiba 2026ko otsailaren 27a

BADOK musika atariak Kulturaz Kultur Kooperatibarekin elkarlanean ondutako podcast saioa da Murmur. Lehen saioan Sara Zozaia musikaria izan da gonbidatua. Dagoeneko entzungai dago elkarrizketa BADOK-en.

Musikaren murmurioa bizia da gurean, jario geldigaitza du, eta errota zaharretatik zein eihera berrietatik murmur batean dator, lehengo eta oraingo oihartzunez betea. Hots eta ahots horien bozgorailu izango da BADOK musika atariak eta Kulturaz Kultur Kooperatibak elkarrekin ondutako Murmur podcasta .

Gorka Erostarbek, BADOKeko koordinatzaileak, egingo ditu elkarrizketak eta Ander Mujika, Kulturaz Kooperatibako kidea, teknikari lanetan arituko da. Bi atal izango ditu saioak, txandan-txandan: batean, musika nobedadeen inguruko informazioa emango dugu, eta hiruzpalau kanta jarri. Beste atala elkarrizketa bat izango da, eta lan berri baten inguruan edo gertakizun berezi bati buruz hitz egingo dugu sortzaile edo musikari batekin. 

Podcastaren bi atalak Dinamoa sormen gunean grabatuko dira. BADOKek eta BERRIAren webguneak astero atal bat sareratuko dute: aste batean elkarrizketa, eta hurrengoan, nobedadeen ingurukoa. Aste honetako estreinako atalean, Sara Zozaia musikaria elkarrizketatu du Erostarbek —iazko udazkenean attä EPa kaleratu zuen Zozaiak—. Hain justu, Zozaiak bere azken lana aurkeztuko du martxoaren 15ean Sanagustin kulturgunean.

Elkarrizketak ordu erdi ingurukoak izango dira, eta nobedadeen gainekoak, hogei minuturen bueltakoak. Murmur podcastaren sintonia  eta atal bakoitza iragartzeko bideo pilulak Mujikak egin ditu.

Lehenengo atala entzungai duzue hemen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide