Aitzealdenk!, lehertzear da festa!

Erabiltzailearen aurpegia Kulturaz kooperatiba 2026ko martxoaren 6a

Ezpalak taldea Sanagustinen, iazko Aitzealdenk! jaialdian. (Kulturaz)

Astebete besterik ez da falta Aitzealdenk! jaialdiaren laugarren edizioa hasteko. Martxoaren 13an, 14an eta 15ean, hiru egunez, zazpi talde igaroko dira Sanagustin kulturguneko oholtzatik.

Astebete barru, martxoaren 13an, hasiko 2026ko Aitzealdenk! Fest. Kulturaz kultur kooperatibak, Ayuken Management elkartearekin elkarlanean, inoiz baino egitarau anitzagoa antolatu du; hiru egunez, zazpi musika taldek eskainiko dituzte kontzertuak Sanagustin kulturgunean. Ohiko rock doinuen esentzia mantenduz, beste estilo batzuez gozatzeko aukera ere izango dugu aurten.

Ostiralean lehertuko da festa Sanagustinen, Zestoako bi talde ezagunekin: Ezpalak eta Lin Ton Taun. Iazko arrakastaren ondoren, Ezpalakeko kideak oholtza lehertzera datoz berriro ere. Beraiekin batera, 90eko hamarkadan trikia eta rocka nahasten aitzindari izan zen Lin Ton Taun taldea arituko da; gaur egun, beraien musika proposamenak inoiz baino biziago jarraitzen du. Kontzertuak 22:30ean hasiko dira.

Larunbatean, punk-rock estiloetatik doinu dantzagarriagoetara egingo du salto jaialdiak. Marte Lasarte, Sua eta Fatal taldeen pop eta elektronika doinuak izango dira nagusi oholtzan, 21:30etik aurrera. Saio horretarako eta ostiralerako sarrerak kulturaz.eus/agenda helbidean daude eskuragarri.

Jaialdia igandean agurtuko dugu, 18:00etan, Sara Zozayaren eta Gartxoten kontzertuekin. Giroa goxatzera datoz Euskal Herriko bi ahots berezi hauek. Sara Zozayak eta Gartxotek euren azken lanak aurkeztuko dituzte oholtza gainean, bi proposamen akustiko eta pertsonal horiekin jaialdiari amaiera emanez. Igande azken saio horietarako ez da sarrerarik beharko, doakoak eta irekiak izango baitira bi emanaldiak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide