Otsailaren 4tik martxoaren 4ra bitartean, irudia izan da Sorginorratzak egitasmoko protagonista. Lau saiotan, argazkilaritza kamera batekin argazkiak ateratzea baino gehiago dela ikasi dute gaztetxoek: mundua ikusteko modu bat dela, alegia. Egoitz Arrutik gidatuta, sorginorratzek kamera maneiatzen ikasi dute; euren begirada propiotik, argazki batek eman ditzakeen aukerak esploratu eta sormena garatu dute.
Zer ezkutatzen du argazki batek?
Lehen saioetan, hausnarketa izan zen nagusi. Irudiek transmititu ditzaketen emozio desberdinak deskubritu zituzten, eta irudi bakoitzaren atzean ezkutatzen den informazioa aztertu zuten. Kamera mota desberdinak ezagutzeaz gain, irudi baten bidez istorio ederrak sortu daitezkeela ikasi zuten.
Dinamoa eta Soreasu, gaztetxoen ikuspegitik
Sormena praktikan jartzeko ordua iritsi zen. Fokoekin, argi-itzalekin, formekin, koloreekin nahiz ispiluetako erreflexuekin argazkiak atera behar zituzten. Batzuk modelo lanetan aritu ziren; beste batzuk, berriz, argazkilari bihurtu ziren. Saio horietan objektuak izan ziren protagonista; Dinamoko espazioek eta Soreasu auzoko txokoek eskaintzen dituzten aukerak deskubritu zituzten.
Sorginorratzak argazki erakusketa
Tailerrei amaiera borobila emateko, azken saioa erakusketa bihurtu zen. Hilabetean zehar ateratako argazki esanguratsuenak aukeratu eta gurasoei erakutsi zizkieten. Dinamoa sormen gunea galeria txiki bat bihurtu zen une batez, haurrek euren lanak harro azaldu baitzituzten.
Argazkilaritza tailerretako irudi guztiak hemen ikus daitezke.
Sormenak ez du etenik!
Hurrengo saioetan irudiaren eremuan jarraituko dute; oraingo honetan, pinturaren munduan murgilduko dira. Oier Fernandez Carrasco Zumarragako artista izango dute bidelagun, eta lau saio hauetan koloreekin, pintzelekin eta formekin jolastu eta esperimentatuko dute. Sorginorratzak ekimenaren bidez, kultur sormen praktikekin gure gazteengana iritsi nahi dugu, ikastetxeetako hezkuntza eskaintza osatu eta aberasteko. Jarrai dezagun esperimentatzen, ikasten, jolasten eta elkarbanatzen!