Sorginorratz egitasmoko gaztetxoek 'Haurren hiria' sortu dute arte plastikoen bidez

Erabiltzailearen aurpegia Kulturaz kooperatiba 2026ko apirilaren 21a

Hainbat gaztetxo Dinamoa sormen gunean, arte plastikoei eskainitako saio batean. (Kulturaz)

Azken lau asteetan, arte plastikoen munduan murgildu dira Sorginorratz taldeko gazteak. Oier Fernandez artista eta Kaleko Izarra grafitilaria izan dituzte bidelagun irudiaren eremuko saioetan.

Artearen bidez nahi duten mundua eraiki daitekeela deskubritu dute Sorginorratzak egitasmoan parte hartzen ari diren gaztetxoek. Arte plastikoei eskainitako lau saioetan, koloreekin eta formekin jolasteaz gain, sormen prozesu oso batez gozatzeko parada izan dute, paperetik hasi eta amaierako emaitzera arte.

Lehen hiru saioak Oier Fernandez artistaren gidaritzapean egin zituzten, herri ideal baten maketa osatzea helburu hartuta. Ariketa orri zuri batean abiatu zuten, herriko txoko kuttunenak (kioskoa, igerilekua edota futbol zelaia) margotuz. Gainera, ariketak amets egiteko tartea ere eskaintzen zuen; izan ere, espazio horiei nahi zuten guztia gehitzeko askatasuna izan zuten partaideek. Ondoren, paperean irudikatutakoa kartoi zatien bidez eraiki behar izan zuten. Emaitzen artean, Xoxote mendia, igerilekuak duen goxoki denda edota Azpeitiko kioskoaren bertsio berritua agertu ziren, besteak beste.

Azken saioan, Kaleko Izarra artista eta grafitilaria izan zen irakaslea. Saioaren hasieran, askotariko grafiti motak eta estiloak erakutsi zizkien hark gaztetxoei, eta Sorginorratz taldeko kideek ikasitakoa paperean jarri zuten praktikan. Jarraian, kalera atera eta grafiti erraldoi bat margotzeari ekin zioten. Koloreak nahasiz eta formekin jolastuz, Maitasuna hitza irakur zitekeen grafitia sortu zuten gaztetxoek.

Dagoeneko gorputzaren, soinuaren eta irudiaren eremuetatik igaro dira Sorginorratz egitasmoko ikasleak. Aste honetan, azken eremura egingo dute salto: hitza lantzen hasiko dira bertsolaritza saioekin. Sorginorratzak ekimenaren bidez, kultur sormen praktikekin gure gazteengana iritsi nahi du Kulturaz kooperatibak, ikastetxeetako hezkuntza eskaintza osatzeko eta aberasteko.

Honako lotura honetan ikus daitezke arte plastikoen bueltako tailerretako irudiak.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide