Hitzaren eremuko saioak bertsotan hasi dituzte Sorginorratzak ekimeneko gaztetxoek

Erabiltzailearen aurpegia Kulturaz kooperatiba 2026ko maiatzaren 20a

Sorginorratzak ekimeneko gaztetxoak bertsolaritzako tailerrean. (Kulturaz)

Bertsoaren oinarriak ikasi, neurriak zein errimak landu, eta jendaurrean bertsotan aritzeko aukera izan dute ikasleek.

Lau asteren ondoren, amaiera eman diote bertsolaritzako tailerrei Sorginorratzak ekimenean. Apirilaren 22tik maiatzaren 13ra bitartean, Naia Arrizabalaga irakasleak bertsolaritzaren mundura hurbildu ditu gaztetxoak.

Lehenengo saioan, oinarrizko errimak ezagutu eta, taldeka banatuta, euren lehen koplak sortzeko aukera izan zuten. Hurrengo asteetan, neurri ezberdinekin ariketak egiten hasi ziren, gai desberdinen bueltan errimak asmatuz. Egindako jolasei esker, hitzak josteko azkartasuna eta sormenerako gaitasuna landu zituzten. Azkenik, bertsolari profesionalen pare, euren koplak eta bertsoak idatzi eta taldekideen aurrean abestu zituzten.

Zikloari amaiera borobila emateko, gurasoentzako saio berezia prestatu zuten. Mikrofonoa jarri, eskuak atzera bota eta taldeka idatzitako bertsoak jendaurrean abestu zituzten, aurkezle eta guzti. Horrez gain, gurasoekin batera errimen jolasean ere aritu ziren. Zalantzarik gabe, hurrengo famili bazkarian bertsotan egiteko gai direla erakutsi zuten.

Behin bertsolaritzarekin amaituta, Sorginorratzak ekimeneko azken lau saioak egingo dituzte. Horiek ipuingintzaren ingurukoak izango dira, eta Paula Herasek gidatuko ditu.

Sorginorratzak ekimenaren bidez, kultur sormen praktikekin gure gazteengana iritsi nahi dugu, ikastetxeetako hezkuntza eskaintza osatu eta aberasteko.

Jarrai dezagun esperimentatzen, ikasten, jolasten eta elkarbanatzen!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide