Kaixo, kulturzale:
Atzean utzi berri dugu 15. urteurreneko asteburu ahaztezina, eta bihotzez gaude eskertuta. Jaso dugun babesa ikaragarria izan da; hiru eguneko ospakizunak momentu ederrak, hausnarketa garrantzitsuak eta oroitzapen politak utzi dizkigu.
Eskerrik asko, Kulturaz kultur kooperatibaren 15. urteurreneko ospakizun ekitaldi honen parte izan zareten guztioi. Ostiraleko, larunbateko eta igandeko festan Sanagustin kulturgunera, Dinamoa sormen gunera eta Soreasu antzokira bertaratu zaretenoi; eta urte guzti hauetan herriko kultur sarea sortzen, ehuntzen eta hauspotzen ibili zareten guztioi, bihotz-bihotzez, mila esker.
Urteetan egindako lanari esker, Azpeitian kultura bizirik dago, eta gaur egun herrian eskaintza zabala dugula esan dezakegu. Kultura parte-hartzailea eraikitzen jarraitu nahi dugu zuekin, elkarlanean eta ilusio berdinarekin. Bide honetatik jarraituko dugu, elkarrekin lanean kultur sormena, transmisioa eta ikusgarritasuna sustatzen.
Kulturaz kultur kooperatibaren lantaldearen izenean, mila esker!