Aurtengoa edizio berezia da Kulturaz Kultur Kooperatibaren Arkupehotsak egitasmoarentzat. Iruditeri berriarekin batera, baliabide eta aukera gehiago izango dira musika sortzaileentzat. Proiektua ikusgarritasunetik abiatu zen, eta edizioek aurrera egin ahala hasierako planteamenduari formakuntza-saioak gehitu zitzaizkion. Aurten, bilakaera horretan beste urrats bat egin dugu aurrera, egonaldi formatua dakarkigu berritasun gisa. Gainera, edizio honetan edozein musika taldek zein bakarlarik eman ahalko du izena, izan hasiberria edo ez. Edozein proiekturentzat sortzeko, ikasteko eta oholtza gainera igotzeko aukera paregabea izango da.
Azken hilabeteetan Azpeitian egin diren egitasmoek erakutsi dute herrian badela musika sortzeko eta plazaratzeko nahia. Badago harrobia eta baita Azpeitia doinuz betetzeko gogoa ere; horregatik, 2027ko deialdia herrira zabaldu nahi dugu. Euskal Herriko musikarien sarearekin batera, herriko sortzaileei bidea egiten lagundu eta beraien proiektuak garatzeko baliabideak eskaini nahi dizkiegu.
Zer eskaintzen da?
Aurtengo edizioan, Rural Kutxaren babesari esker, inoiz baino programazio eta eskaintza osatuena prestatu dugu. Sormenari dagokionez, taldeek Dinamoa sormen guneko espazioak eta baliabideak erabiltzeko aukera izango dute. Musikari askok ez baitituzte beraien proiektuak lantzeko, entseguak egiteko eta zuzenekoa prestatzeko baliabideak; Dinamoaren soinuaren eremuak hori eskainiko die.
Bide horretan, musikarien formakuntza ere funtsezkoa dela ikusita, musika sortzeari, ekoizteari eta plazaratzeari buruzko hiru saio izango dituzte: Eñaut Gaztañagaren eskutik, grabaketa, maketa eta produkzio-lana nolakoa den ezagutuko dute Gaztain estudioan. Osa eta Mujika dantzariek, berriz, eszenaratze eta eszenografia on bat prestatzeko aholkuak emango dizkiete. Azkenik, euskal musika-zirkuituan mugitzen diren hainbat profesionalekin komunikazioaz, hedapenaz eta industriaren funtzionamenduaz arituko dira.
Jakitun gara musikarientzat ezinbestekoa dela beraien abestiak ezagutaraztea. Horregatik, aurten plazaratu fasea indartzeko lan berezia egin dugu. Urtero bezala, taldeek emanaldi batekin borobilduko dute egitasmoa. Zuzeneko horretan talde bakoitzari abesti baten soinua eta irudia grabatuko zaizkio, etorkizunean bideoklipa sortzeko. Asteburua borobiltzeko, Marenek kontzertua eskainiko du Sanagustin kulturgunean. Formakuntzaren eta kontzertuaren asteburuko ostatu- eta otordu-gastu guztiak barne egongo dira. Horrez gain, aurten, talde bakoitzak 300 euroko ordainsaria jasoko du emanaldiagatik.
Abenduaren 13ra arte eman ahalko da izena, informazio guztia kulturaz.eus/proiektuak/arkupehotsak estekan duzue.