Gaurkoan ez dizut helburu berrien inguruan hitz egingo. Ziur nago zure inguruan bueltaka dabilen gairen bat izango dela, urte berriarekin batera etortzen baita normalean. Hala ere, nik beste oroitzapen bat ekarri nahi dizut gogora.
Bada helduak garenean galtzen edo ahazten dugun zerbait: txikitako ilusioa. Jolasteko gogoa eta esperientzia berriak bizitzeko ausardia. Gaur, heldua izan arren, zure barneko haurrarekin konektatzeko aukera eman nahi dizut.
Txikia zineneko argazki bat hartu, denbora batez begiratu, eta haur horrek transmititzen dizuna idatz dezakezu. Pertsona txiki horri esan nahi diozuna ere pentsa dezakezu. Agian, aholkuren bat eman nahi diozu, edo beragandik berreskuratu nahi duzun zerbait gogora dezakezu.
Ariketa polita eta, aldi berean, gogorra izan daiteke. Ume txiki horren mina senti dezakezu, baina maitasuna eman diezaiokezu. Horren poztasuna eta energia ere senti ditzakezu, gaur egungo helduak berreskuratu ditzan. Azken finean, denborak zuen artean aldatu duen gauza bakarra adina izan da. Oraindik elkarrekin zaudete, eta beti egongo zarete.