Boteprontoan

Utzi joaten

Erabiltzailearen aurpegia Sara Amenabar 2024ko api. 10a, 08:48

(Irudia: Pixabay)

Sara Amenabarrek 2024ko martxoko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Zenbat kostatzen den askatzea. Objektu esanguratsuekiko, pertsonekiko edota betidanik izandako lanarekiko dependentzia sortzen da batzuetan. Erosotasuna edo aldatzeko beldurra, beste zenbaitetan. Gure bizitza hobetzen duena mantentzea garrantzitsua da, egunerokotasuna errazten digulako. Aldiz, min egiten diguna ondotik kentzea ere beharrezkoa da, mentalki eta fisikoki osasuntsu mantentzeko.

Nola jakin noiz den askatzeko momentua? Normalean, norbere azalean sentitzen da. Gorputzaren seinaleak entzun behar dira, antsietatearen edo tristuraren intentsitatea neurtuz. Emozio atseginen ordez, desatseginak gehiagotan agertzen al diren pentsatu. Inguruko harreman motaren batek (bikotekidea, lagunak, familia...) kalte egiten al dizun aztertu. Ordu asko igarotzen dituzun lekuak zeintzuk diren baloratu.

Galduta sentitzen bazara, laguntza eskatu. Erantzuna zure barnean izan ohi da, baina batzuetan aurkitzea kostatu egiten da. Ez kezkatu, pixkanaka lortuko duzu. Pauso txikiak eman ditzakezu, beldurra gutxitzeko eta aldaketa zure esku dagoela sinesteko. Esan agur kalte egiten dizunari.

Utzi joaten.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide